Euskadin adingabeei zuzendutako kirolaren esparruan ingurune seguru bat eraikiz

 

Aurkezpen gutuna

HNIBBILO-ra sarrera gida erakunde eta profesionalentzat

Gipuzkoako eragileentzako aurrez-aurreko AHOLKULARITZA ZERBITZUA. Egunak eta orduak. Akats zuzenketa

1. Arau esparrua

8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzkoa.

1.1. Legearen xedea

Legearen xedea da haurrek eta nerabeek edozein indarkeria-motaren aurrean duten osotasun fisiko, psikiko, psikologiko eta moralerako oinarrizko eskubideak bermatzea, haien nortasunaren garapen askea ziurtatuz eta babes integraleko neurriak ezarriz, barnean hartuta sentsibilizazioa, prebentzioa, detekzio goiztiarra, babesa eta kaltearen erreparazioa bizitzaren eremu guztietan.

Hau da, lege horrek helburu hauek ditu kirolaren eta aisialdiaren eremuan: adingabeen aurkako indarkeria-egoerak prebenitzea, garaiz detektatzea eta horietan esku hartzea, eta ingurune seguruak eraikitzea.

1.2. Zer da indarkeria?

Lege honen ondorioetarako, indarkeriatzat hartzen da adingabekoei beren eskubideak eta ongizatea kentzen dizkien ekintza, ez-egite edo tratu arduragabe oro, baldin eta haien garapen fisiko, psikiko edo sozial ordenatua mehatxatzen edo oztopatzen badute, edozein dela ere egiteko modua eta bitartekoa, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egindakoa barne, bereziki indarkeria digitala.

LOPIVIren arabera, indarkeria honako hau da:

  • tratu txar fisiko, psikologiko edo emozionala
  • zigor fisikoak, umiliagarriak edo iraingarriak
  • axolagabetasuna edo tratu arduragabea
  • mehatxuak, irainak eta kalumniak
  • informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik eratorritakoa, bereziki, indarkeria digitala
  • esplotazioa, sexu indarkeria, galbideratzea, haur pornografia, prostituzioa
  • eskola jazarpena, sexu jazarpena, ziberjazarpena
  • genero indarkeria
  • genitalen mutilazioa
  • gizakien salerosketa

1.3. Zer da tratu ona?

Lege honen ondorioetarako, tratu ona da, haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideak errespetatuz, printzipio hauek modu aktiboan sustatzen dituena: elkarrekiko errespetua, gizakiaren duintasuna, bizikidetza demokratikoa, gatazken konponbide baketsua, legearen babes bera izateko eskubidea, aukera-berdintasuna, eta haurren eta nerabeen diskriminazio-debekua.

1.4. Zer ondorio ditu kirolaren eremuan?

IX. kapituluan (Kirola eta aisialdia), legearen 47. eta 48. artikuluak biltzen ditu legeak, eta adingabeekin kirol-jarduerak egiten dituzten administrazioen eta erakundeen betebeharrak ezartzen ditu.

1.5. Zertara daude behartuta administrazio publikoak, beren eskumenen esparruan?

1. Protokoloak arautzea ingurune segurua eraikitzeko, eta, zehazki, kirolaren eremuan haurren eta nerabeen aurkako indarkeria-egoerak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horietan esku hartzeko. Protokolo horiek kirol-jarduerak ohikotasunez egiten dituzten zentro guztietan aplikatu beharko dira, titulartasuna edozein dela ere, eta, betiere, Errendimendu Handiko eta Kirol Teknifikazioko Zentroen Sarean, Kirol Federazioetan eta Udal Eskoletan (47. artikulua).

2. Haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideei buruzko prestakuntza sustatzea eta bermatzea adingabeekin harremanak izan ohi dituzten pertsonei.

3. Indarkeria-egoerak bideratzeko zerbitzua eta aholkularitza.

1.6. Zer betebehar dituzte normalean adingabeekin kirol- edo aisialdi-jarduerak egiten dituzten erakundeek? (48. artikulua)

1. Betebehar hauek dituzte normalean adingabeekin kirol- edo aisialdi-jarduerak egiten dituzten erakundeek:

a) Aurreko artikuluan aipatzen diren jarduera-protokoloak, administrazio publikoek kirolaren eta aisialdiaren esparruan hartzen dituztenak, aplikatzea.

b) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, aurreko protokoloak betetzen direla bermatzeko, adingabeen babesari dagokionez.

c) Babes-ordezkariaren figura izendatzea, hartara adingabeak beren kezkak adieraztera joan daitezen harengana eta hura arduratuko dadin ezarritako protokoloak zabaltzeaz eta betetzeaz.

d) Beharrezkoak diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa, kultura eta aisialdia diskriminazio-egoerak izan ez daitezen arraza, desgaitasun, sexu-joera, sexu-identitate edo genero-adierazpenagatik edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik, haurrekin eta nerabeekin beraiekin nahiz haien familia eta profesionalekin lan eginez irain eta adierazpen iraingarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.

e) Haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatzea.

f) Kirol-erakundeen eta gurasoen edo tutoretza, zaintza edo harrerako eginkizunak betetzen dituztenen arteko harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea.

2. Era berean, 5. artikuluan aipatzen den prestakuntzaz gain, erakunde horietan lan egiten dutenek prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasun eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haur eta nerabe horien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeko.

1.7. Ongizate edo babes arduradunaren funtzioak

  • LOPIVIren 48. artikuluak ezarritako eta kirolaren eta aisialdiaren esparruan Administrazio Publikoek dauzkaten jardun protokoloak aplikatzea.
  • Monitorizazio sistema ezartzea, adingabeak babesteko protokolo horiek betetzen direla bermatzeko.
  • Erreferentziazko eta konfiantzazko pertsona izatea adingabeentzat, ezinegonak haiei kontatzeko.
  • Protokoloak hedatu eta betearazteaz arduratzea, baita behar diren komunikazioak ere, adingaberen batean indarkeria egoeraren bat antzematen denean.
  • Behar diren neurriak hartzea kirola egitea, eta aisialdiaz eta kulturaz gozatzea espazio irekia eta adina, arraza, desgaitasun, sexu orientazio, sexu identitate edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialen ondoriozko diskriminaziorik gabea izan dadin.
  • Irainak eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera errefusatzea adingabeekin, familiekin eta profesionalekin lantzea.
  • Adingabeen parte hartze aktiboa sustatzea prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan.
  • Kirol entitateen eta gurasoen, tutore legalen eta bestelakoen arteko harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea.
  • Detekzioa goiztiarra izateko lan egitea, eta begirada kritikoa sustatzea adingabeen aurkako indarkeria egoera potentzialen aurrean. Batez ere, adingabeak biktimizatzeko arriskua dagoen egoerei dagokienez kirol sistemako eragile guztiek kontzientzia eta sentsibilitate berezia izateko helburuarekin.

2. Lantaldea

Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako teknikarien batzorde batek urtebete darama gaian lanean. Aditu batzorde horrek (EHU-UPV, Educo, Unicef...), adingabea babesteko aditu-talde bat izendatu zuen, eta horiek arduratu dira Euskadiko kirolaren arloko protokoloa egiteaz.

3. Kirol erakundeentzako tresna kutxa

Kirol erakundeentzako tresna kutxa agiria

4. Oinarrizko protokoloa kirol erakundeentzat

Haurrak eta nerabeak babesteko protokoloa

5. Formakuntza

Lege hori betetzeko, administrazioek online bi prestakuntza programatu ditugu.

- Sentsibilizazio-ikastaroa: Kirol-arloan adingabeekin zuzenean lan egiten duen edonorentzat.

- Protokoloa erabiltzeko ikastaroa: Erakunde bakoitzak izendatutako babes-ordezkariari bideratua.

Aldez aurretik, babes-ordezkariak sentsibilizazio-ikastaroa egina izan beharko du.

Deialdi bakoitza iraupen zehatz batekoa izango da ikastaroan izen ematen duten pertsonek ikastaroa amaitzen dutela sustatzeko. Ikastaroa online da eta, bataz beste, 2-3 orduko iraupena du.

Prestakuntza hauek Kiroleneren bidez (Kirol irakaskuntzen ikastetxea publikoa) edota Kirol Euskal Eskolaren (Eusko Jaurlaritzaren kirol-prestakuntzako eskola) bidez egin daitezke. Formakuntza euskeraz zein gazteleraz egiteko aukera dago.

5.1. KIROLENEren bidez egiteko informazioa (sentsibilizazio ikastaroa soilik):

Ikastaroa doanik da.

Sentsibilizazio formakuntzan izena emateko deialdiak ondorengoak dira:

Lehenengo ikastaroaren deialdiaren epeak:

- Izen emateak: Irailak 1etik 21era
- Ikastaroa: Urriak 1etik azaroak 30 arte

Izen emateko esteka: - HNIBBILO IKASTAROA // FORMACIÓN LOPIVI

5.2. Kirolaren Euskal Eskolaren bidez egiteko informazioa:

Formakuntza bakoitzak 20€ko kostua du.

Bi formakuntzetan izena emateko deialdiak irekiak daude. Indarrean dauden deialdietan izena emateko aukera esteka hauetan:

- Adingabeak kirolean zaintzeko eta babesteko sentsibilizazioa

- Adingabeak babesteko protokoloaren erabilera kirol-inguruneetan

6. Indarraldia

2023ko irailaren 1etik aurrera, Euskadin kirol-jarduera egiten duten erakundeek lege horretan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

7. Intereseko kontaktuak

  • Zure Taldekoak Gara
  • Zeuk Esan
    • Zer da? Adingabeko pertsonei arreta emateko telefonoa. Doainik eta anonimoa urteko egun guztietan. Astelehentik ostiralera 9:00etatik 21:00etara eta larunbat, igande eta jaiegunetan 12:00etatik 20:00tara.
    • Telefonoa: 116111
    • E-posta: zeukesan@euskadi.eus
  • ZAIN
    • Zer da? Hezkuntza- eta kirol-erakundeei aholkularitza eta laguntza ematea adingabeko pertsonak babesteko politikak ezartzeko. LOPIVIk ezarritako neurriak betetzeko beharrezko tresnak ematea, bilera telematikoen bidez. Babes-politikak kudeatzen laguntzea, arriskuak aztertzea, prestakuntza ematea, protokoloak egitea eta ezartzea, kasuak ebaztea eta jakinaraztea, babes-ordezkariaren figura eta abar.
    • Telefonoa: 618030779
    • E-posta: info@zaininfancia.com

8. Komunikazio kanpaina

Zuk parte hartu, nik babesean irabazi

Zuk parte hartu, nik konfiantzan irabazi

Zuk parte hartu, nik autoestimua irabazi

9. Monitorizazio Sistema

Eusko Jaurlaritzako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Kirol Zuzendaritzek HNIBBILO legearen monitorizazio-sistema martxan jarri dugu. Aurrerapauso hau Euskadin antolatutako kirolean HNIBBILO legea ezartzeko prozesuaren baitan kokatuta dago.

Monitorizazio-sisteman kirol-erakundeek modu zuzenean edo klubetan adingabeak babesteko ordezkarien bidez izena eman behar dute. Izen-emate guztiak plataforma honen bidez egin behar dira: https://www.abek.eus

Monitorizazio sistemarekin arazorik izanez gero, jarri harremanetan Kirolaren Euskal Eskolarekin (688 670 722).


 

Bideo azalpena