Programa

Gipuzkoako Foru Aldundiak jartzen du martxan urtero, Gipuzkoako ikastetxe, udal, kirol federazio eta klubekin elkarlanean ESKOLA KIROLA JARDUEREN PROGRAMA 6 urtetik 16ra bitarteko ikasleei zuzendua.

Eskola kirola programaren bitartez, Gipuzkoako ikasle guztiak kirola egiten hastea lortu nahi da. Kirol prestakuntza epe luzeko prozesu gisa lantzen da ikasle guztiei kirol anitz probatzeko aukera eskainiz.

 

 

Programaren edukia

Eskola Kirola programa sei jarduera motatan egituratuta egoten da helburu ezberdinen arabera.

Eskolaume guztientzat

Hastapen jarduerak: 6 eta 16 urte bitarteko ikasle guztiei zuzendutako jarduerak dira eta kirol modalitate desberdinetan hasteko nahiz hobetzeko ikastaroak izaten dira.

Parte hartzeko lehiaketak: ikasleek 8 urte dituztenean hasten dira, benjaminetan alegia, eta amaitu 16 urte egiten dituztenean, kadete izateari uzten diotenean.

Errendimendurako gaitasuna dutenentzat

Teknifikazio jarduerak: 11 urtetik aurrera hasten dira, umeak alebinetako bigarren urtean daudenean, kirol mota desberdinak ezagutu eta probatu dituztenean eta kirol teknikariek errendimendurako ezaugarriak ikusten dizkietenean.

Errendimenduan hasteko lehiaketak: 11-12 urterekin hasten dira (alebin kategoriako 2. urtean).

Gaitasun bereziak dituztenek Kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidean parte hartzeko aukera dute

Teknifikazio jarduerak

Lehiaketa murriztuak

Desgaitasuna

Gizarteak desgaitasuna duen herritarren jarduera fisikoa eta kirol sustapenean dituen konpromisoak sendoak eta irmoak izateaz gain, bi aldeetarako onurak dituen ibilbidetzat ulertzen da hau. Behar berezi horiek direla-eta, programa eta ekimen zehatz batzuk martxan jarri dira; eta jada, hainbat udalerritan aukerak eskaintzen ari dira. Hala ere, Gipuzkoan eskaintzen den arreta egituraketa prozesu baten barruan dago eta ikuspegi integral batetik, aukera dago egoera hobetzen segitzeko. Hori izan dugu Gipuzkoako Eredua eraikitzeko asmo nagusia: programa zehatz batzuetatik, politika sendo eta argietara eramatea.

Programaren eraketa

Urtero programa honen eraketan Gipuzkoako kirol federazioek, udalek, ikastetxeek eta Aldundiak berak parte hartzen dute ESKOLA KIROLEKO LURRALDE KONTSEILUAren bitartez. Bere funtzioek adierazten duten bezala Programa honetan sartzen diren jardueren ezaugarriei eta abarrei buruzko erakunde aholkularia da Kontseilua. Guzti honi esker maila ezberdinetan bilduta dauden kirol egitura ezberdinen partehartzaileen ordezkariekin eratuta dagoen sistema integratzailea sortzen da.