Gipuzkoako eskola kiroleko programan benjamin, alebin eta infantil mailetan parte hartu ondoren, Goierri Garaia Atletismo Taldean eta Legazpi Atletismo Taldean hasi zuen bere ibilbidea, Ilintxa Kirol Elkartearekin futbolean aritu aurretik, eta Euskadiko Txapelketa Absolutuan zilarrezko domina bat lortzera iritsi zen xabalina espezialitatean, baita hainbat domina ere nazio mailako proba konbinatuetan (hexatloia eta heptatloia). Futbolean hasi zen Legazpiko herriko taldean, Ilintxa Kirol Elkartean, 2005-06 denboraldian, 14 urterekin, baina bertako taldea desagertu zenez, denboraldi bat geroago Urola Kirol Elkartean aritu zen. Urtebete geroago, Zarautz Kirol Klubean sartu zen eta, denboraldi baten ondoren, Real Sociedad de Futbol taldean egon zen 2011ra arte. 2011-12 denboraldian Athletic Clubera joan zen eta bertan bost denboraldi jokatu eta liga txapelketa bat lortu zuen. 2016an Paris St. Germain-ekin sinatu zuen. 2021ean F. C. Barcelonarekin fitxatu zuten ofizialki, eta bertan jarraitzen du orain arte (2023ko abendua). Talde katalanera iritsi zenetik bi liga titulu irabazi ditu, Erreginaren Kopa bat eta Txapeldunen Liga. 2018an, "Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkarteak urteko kirolaririk onena" izendatu zuen. Gainera, 2017an FIFPRO World XI.aren hamaikako idealean munduko erdiko defentsa onenetako bat bezala nabarmendu zen. 2011tik da internazionala Espainiako selekzioarekin. 2023an Australia/Zelanda Berrian egindako Txapelketan munduko txapeldun izan zen Espainiako futbol selekzioarekin. Irene Paredesek jokalekutik haratago proiektatzen den karisma eta lidergoa batzen dizkio kirolerako duen talentuari. Emakumezkoen futbolerako une zailetan, jarrera sendo eta koherente bat hartzen jakin du, lurraldea eta Espainiako selekzioa bera gainditzen dituen erreferente bihurtu duena. Gipuzkoak bere kirol ibilbidean eta gizartean izan duen eraginean bikaina den kirolari aitortzen du Irene Paredesengan, Gipuzkoako kirolaren balioekin bat egiten duena, eta, beraz, Distira Saria merezi duena.