2016ko Carmen Adarraga I. Saria – Coro Fuentes

 

Atletismoan berrogeita hamar urte baino gehiago egin eta Espainiako dozena bat errekor baino gehiago lortu ondoren, Coro Fuentesek kirolarekin lotuta jarraitzen du gazteak entrenatzen.

"Deitu eta esan zidatenean saria emango zidatela, ezin nuen sinetsi. Hura zirrara!". Aire librean bost aldiz Espainiako txapelduna izan den Coro Fuentesen hitzak dira. Espainiako lehen emakumea izan zen junior mailako Europako Txapelketa batera joan zena gutxieneko marka lortu ondoren, eta maila absolutuko Europako Txapelketara joan ziren hiru lehen emakumeetako bat da. Lasterketak utzi ondoren, Fuentesek erabaki zuen atletismoari lotuta eta pistetatik gertu jarraitzea, betiere gazteenei elitera iristen laguntze aldera. Baina argi dauka atletak baino gehiago, pertsonak prestatu behar dituztela. Fuentesek 17 aldiz gainditu zituen Espainiako hainbat errekor, maiz berak zituenak aurretik, eta, ondorioz, Gipuzkoako atletarik onena hautatu zuten 1969an eta 1970ean. Bere errekorrak 400 metro, 800 metro, 1.000 metro eta 1.500 metroko kategorietan izan ziren.

Sariaren izenaren zergatiari dagokionez, esan behar da Carmen Adarraga Gipuzkoako kirolaren aitzindari izan zela, salgaien artean bidaiatzen zuena saskibaloi partida bat jokatzeko. Adarraga Hernanin jaio zen, eta Espainiako saskibaloi selekzioko lehendabiziko kapitaina izan zen, hala izendatu baitzuten taldeak jokatu zuen aurreneko partidarako: 1942an jokatu zuten Italiaren aurka, gauerdian, Madrilgo Complutense Unibertsitatean.

Horrez gain, Adarraga belar hockeyko eta eskubaloiko jokalaria izan zen. Horrek garbi uzten du kirol espiritu nabarmena zuela, garai hartan, 1940ko hamarkadan, batere erraza ere ez zena.

"Bere ametsaren atzetik joan zen emakumea izan zen, hau da, kirolaren atzetik. Hasieran zabalik ez zuen eremu bat konkistatu zuen. Berak eta bere kideek aldaketa bat eragin zuten emakume guztientzat. Beraiei esker, lehenaldi bat eta geroaldi bat izan ziren emakumeentzat»