2017ko Carmen Adarraga II. Saria - Mari Ayestaran

 

Carmen Adarraga II. Saria Mari Ayestaran entrenatzailearentzat izan zen, emakumeen kirolaren arloan egindako ibilbidea aitortzeko.

Kirolari donostiar hori funtsezko figura izan zen Real Sociedad belar hockeyko taldean, lehendabizi jokalari gisa eta, ondoren, entrenatzaile gisa. Nazioarteko 89 partida ofizial jokatu zituen –Europakoak, mundu mailakoak eta lagunartekoak–, eta estatu mailako selekzioak 1971 eta 1984 bitartean jokatutako norgehiagoka guztietan parte hartu zuen.

Lorpenen artean, hauek dira aipagarri, besteak beste: bere taldea Espainiako txapelduna izan da gazteen mailan, belar eta areto modalitateetan; areto hockeyko txapelduna izan zen Madrilen 1976-77 denboraldian; belar hockeyko txapelduna Santanderren, Espainiako txapelketako azken fasean, 1980-81 denboraldian; eta Real Sociedad taldeak titulua eskuratu zuen 1985-86 denboraldian sortu zen Ohorezko Mailako Ligan. Erreginaren bi kopa ere eskuratu zituen.

Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetan, Ayestaranek entrenatzen zuen hockey taldeko hiru jokalarik lortu zuten urrezko domina. Teresa Motos, Nagore Gabellanes eta Maider Telleria –“urrezko neskak” izenez egin ziren ezagun– olinpiar urre bat zintzilikatu zuten lehen emakume gipuzkoarrak izan ziren. Jokalari, entrenatzaile eta Euskadiko hautatzaile izateaz gain, Mari Ayestaran Espainiako Hockey Federazioko lehendakariorde ere izan zen (1999an) eta, gaur egun, Real Sociedad hockey taldeko ordezkaria da.

"Mari Ayestaran emakume inkonformista da, eta oso inplikatuta dago emakumeen kirolarekin. Emakume saiatua da, inondik ere, gainerakoentzat inspirazio iturri bilakatu da eta nesken belaunaldi berriei kirol munduan aurrera egiteko indarra ematen dien horietakoa. Horiek guztiek gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta libreago bat eraikitzen laguntzen dute», baieztatu zuen Denis Itxaso diputatu nagusi eta Kultura eta Kiroletako foru arduradun lehenak.