2018ko Carmen Adarraga III. Saria - Erraketistak

 

2018ko Carmen Adarraga III. Saria euskal frontoietan, 1917 eta 1980 artean, profesionalki jokatu zuten emakume erraketistentzat izan zen. Frontoietan jokatzen zuten emakume haiek munduko lehen kirolari profesionalak izan zirela uste da. Emakumea pilotaren munduan sartzeko aurretik hainbat saiakera egin baziren ere, 1917an Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak hainbat gazte Madrilera eraman eta bertan jarri zituen jokatzen. Frontoi txikietan jokatzen zuten, abiadura handian, inolako babesik gabe eta ikuskizun bermatuarekin.

Arrakastaren harira, frontoiak ugaritu egin ziren, bai Espainian, bai Amerikan. Hedapen horrek pilotariak eskatzen zituen, eta, ondorioz, erraketa eskolak sortu ziren. Etxea 15 urte ingururekin uzten zuten, eta behin pilotari bikain bihurtuta, gehienek familiari dirua bidaltzeko adina irabazten zuten. Emakume aitzindari horiek, oro har, gaizki ikusiak izan ziren Euskal Herrian, garai hartako emakumearen moldearekin bat ez zetozelako; kanpoan, ordea, haietako askok arrakastaren eztia probatu zuten, eta kirolean genero berdintasunean aitzindariak izan ziren, garai hartan planteatzen zitzaizkien zailtasunak gorabehera.

Sari honen bidez emakume kolektibo horren ibilbidea eta jarrera aitortu nahi zen, kirolaren munduan hori egitea batere erraza ez zen garai batean nabarmendu baitziren. Urtez urte eta egunez egun, kirolaren munduan neska eta emakumeen belaunaldi berriei bidea zabaltzeko lehiatzen eta aritzen diren emakume, pertsona eta erakundeak omendu nahi dira.