Atzealdea “Basotik Itsasora” dokumentalaren aurrestreinaldia egin dute Zarauzko Modelo Aretoan

“Basotik Itsasora” dokumentalaren aurrestreinaldia egin dute Zarauzko Modelo Aretoan

Hotz Zarautz, Txikota Komunikazioa eta Dantzazek elkarlanean ekoitzi duten lana aurkeztu zuten atzo Zarauzko Modelo Aretoan. Estreinaldia asteburuan izango da: larunbatean Bilboko Loraldia jaialdian eta igandean Gursen, “La Retirada” kanpalekuaren 80. urteurrenean.

“Basotik Itsasora” dokumentalaren aurrestreinaldia egin dute Zarauzko Modelo Aretoan

“Basotik Itsasora” dokumentaleko ekoizleak asteburuko estreinaldi handiari begira badaude ere, Zarauzko Modelo aretoan izango zuen atzo arratsaldean ikus-entzunezkoak jendeaurrean benetako lehen proba. Ekoizpenak bi erreferentzia historiko eta geografiko nagusi ditu: Gurseko kontzentrazio eremua eta Mediterraneoa.

Errefuxiatuen gaia ardatz duen ikus-entzunezkoa Beñat Gereka getariarraren zuzendaritzapean garatu da. Gurseko kanpalekutik Mediterraneora darama ikuslea, errefuxiatuek iraganean bizi izan zuten eta orainaldian bizi duten egoera ezagutzera. 

“Gursetik Mediterraneora historia zirkularra bilakatu dugu. Basoa iragana eta itsasoa orainaldia, hortik dokumentalaren izenburua. Bigarren Errepublikaren erorketaren ostean milaka errepublikarrek eta nazioarteko brigadistek muga zeharkatu behar izan zuten. Horien artean, Gursek (Camp de Gurs) errefuxiatu talde handi bat hartu zuen. 80 urte geroago Mediterraneoa zeharkatzen dabiltza milaka pertsona Siriatik eta Libiatik alde eginez. Antzina gertatu bezala, iritzi publikoa zatikatuta dago eta xenofobia Europan barrena zabaldu da zoritxarrez”, zehaztu du Gerekak.

Proiekzioa historia kronologiko bat izateaz haratago doa eta bidai horretan artea eta kultura bilakatu ditu Gerekak bidaide. “Gurseko bizi egoera lazgarria izanagatik ere, kulturak eta arteak kontzentrazio esparruan lekua hartu zuten. Barrakak kultura eta arte aretoetan bilakatu ziren. Gursen gertatu bezala arteak bere tartea hartzen du Mediterraneoa zeharkatzen duten errefuxiatuen artean”, gehitu du.

Proiektua Hotz Zarautzek garatu du Txikota Komunikazioarekin eta Dantzazekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zarauz Udalaren eta Getariako Udalaren laguntzarekin. Ikus-entzunezkoaren zati bat crowfunding bidez finantziatu da.

Larart aterpe

“Basotik Itsasora” dokumentala ardatz ezbedinak dituen egitasmo batean du babeslekua: Larart proiektuan. Larart egitasmoak artea eta kultura errefuxiatuen aterpe bilakatu nahi du. Erresidentzia artistikoak barne hartuko dituen espazio bat. Errefuxiatuen gaia abiapuntu hartuta ekoizpen artistiko berriei lekua emango diena.

2019. urte honetan egitasmoari hasiera emanez, Larart-ek bi sorkuntzei emango die aterpe: “Basotik Itsasora” dokumentalari eta “Basoa” koreografiari. Errefuxiatuek bizi duten errealitatea gizarteratu eta arazo honen inguruan sentsibilizatzea dute biek helburu.

“Basotik Itsasora” dokumentalak eta “Basoa” koreografiak datorren asteburuan izango dute estreinaldi handia; apirilaren 6an, larunbatean, Bilboko Loraldia jaialdian eta apirilaren 7an, igandean, Gursen; “La Retirada” Gurseko kanpalekuaren 80. urteurrenaren harira.

Estreinaldi handiaren ondoren herriz herri eta mugak zeharkatuz biran hasiko dira ikus-entzunezkoa zein ekoizpen koreografikoa. Bi ekoizpenek lehen geldialdia Madrilgo Vallecas auzoan egingo dute Calle del Libro jaialdiaren XX. edizioan, apirilaren 10ean eta 11n. Jarraian, apirilaren 14an, Getarian proiektatuko da dokumentala. Apirilaren 21ean, aldiz, Mauleko Xiru festibalean koreografia ikusteko aukera izango da.

Basoa

Basoa ekoizpen koregorafikoak, dokumentalak bezala, errefuxiatuen gaia du erdigune. Koreografia Josu Mujikak sortu du eta musika Iñaki Salvadorrek. Adriana Pousen zuzendaritzapean, Dantzaz konpainiako dantzariak Gurs kanpalekuan bete betean barneratuko dituzte ikusleak.

“Gurs. Estalkia. Gordelekua. Magiaz betetako lekua edota beldurgarria. Historiako momentu tragiko jakin bat ezkutatu eta ahaztea nahi zuen basoa. Milaka pertsona hil ziren barrendegia. Iraganaren eta orainaldiaren zubia”, hori da ikusleak dantzaren bidez ikusiko dutena, adierazi du Fernando Saenz de Ugarte Larart proiektuko koordinatzaileak.