Atzealdea Dantza-jauziak
Lantzen dituen arlo artistikoak:
Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:
Formatuak:
726€ (BEZa barne)
Ordubeteko lau saio (4 ordu guztira) izango ditu jarduera honek. Saio horietan dantza-jauziak ikasteko teknika eta oinarrizko pausoak barneratuko dira eta laugarren saiorako dantza-jauziak dantzatzeko prest izango dira ikasleak. Saioak praktikoak izango dira, baina ikasleen artean distantzia izango da eta ez da kontakturik ez gertutasun fisikorik izango.
Modu progresiboan hurbildu nahi da dantza-jauziengana. Borobilean dantzatzen den
errepertorio ezagun eta hedatu honetara gorpuzkeratik egingo zaio lehen hurbilketa
bat, erritmoaren pultsua barneratu eta dantza-jauziek bereziki gordetzen duten “jolasean” murgildu. Memoria lana berezia da dantza-jauzietan eta ikasketa prozesua akumulatiboa eskatzen du, saio bakoitzean ikasi eta barneratutako urrastegia aurrekoari gehitzen baitzaio.
Jarduera espazio ireki batean garatu behar da, ikasle bakoitza zutik eta bere inguruan mugitzeko bi metroko tokia izan dezakeen leku batean: gimnasia izan daiteke, baina beste edozein eremu zabal, patioa adibidez ere baliagarria da. Tokian bertan musika jartzeko gailua badago hori erabili daiteke eta bestela dantza irakasleak berak eramango du. Horrez gain ez da beste baliabiderik behar, ikastaroen emaileek emango dute beharrezkoa den musika eta idatzizko materiala.
Dantza-jauziak, euskal dantza errepertorio interesgarri honen teknika eta sistema ikasteko aukera izango da jarduera honen bidez. Dantza-jauziak edo muxikoak Euskal Herriaren Iparraldeko (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) ohiko dantzak dira, oinarrizko teknika eta pauso nagusiak ikasiz edonork erraz dantza ditzakeenak, eta gaur egun Euskal Herri osoko dantzaldietan egiten direnak.
Guztietan ezagunena eta errazena Zazpi Jauziak da, baina hainbat dantza-jauzi daude, urrats konbinazio eta doinu bereziak dituztenak: Azkaindarrak, Mutxikoak, Hegi, Ostalerrak, Marianak, Lapurtar-motxak, Ahuntza, e.a. Behin urratsak ikasita eta sistema ulertuta, edozein dantza-jauzi dantzatu daiteke, dantzaldietan, doinuarekin batera dantzatu behar diren pausoak iragartzen joaten baitira.
Dantza-jauziak dantzatzeko pausoak dantzatzeko estilo desberdinak daude, eta badira zailtasun eta teknika handiko estiloak ere, baina oinarrizkoa, urraska izendatzen denak, ez du zailtasun fisiko ez teknikorik, eta edonork ikasi eta edonork dantzatu dezake. Estilo horretan, urraska, irakatsiko dira dantza-jauziak egin ahal izateko jakin behar diren pauso nagusiak: Erdizka, zote, dobla, pika, ebats, eta hiru, e.a. Lehen urrats errazak ikasita dagoeneko dantzatu daitezke jauzi batzuk, eta beraz, berehala hasi daiteke musikaz eta dantzaz gozatzen.
Curriculuma/programaren helburuak
Errendimendu motorraren aukerak ugaritzera bideratutako ekintzak, baita osasunerako baldintza fisikoak hobetzera bideratutakoak edota gorputza egokitzeko, menderatzeko eta kontrolatzekoak ere; guztia ere, autoexijentzia jarrera izanik.
Jarduera adierazkorrak musikarekin edo gabe praktikatzea edota diseinatzea, gorputza sormenezko komunikazio eta adierazpide gisa erabilita, sormenezko mugimendua garatuta dantzen eta errepresentazio indibidual eta taldekoen bidez.
Beste kultura batzuetako tradizioen balio soziokulturalaz jabetzea, euskal kulturaren eta gainerakoen balioak errespetatzeko eta baloratzeko; horretarako, dantzak, jokoak eta adierazpide tradizionalak erabiliko ditugu, herri-kutsua dutenak.
Joko mota, kirol-jarduera eta dantza desberdinak ikertzea, modu autonomoan aukera gehiago izateko hainbat informazio-iturri baliatuta.
Irakasleak Eibarko Kezka dantza taldeko dantzariak dira. Dantza talde honetan trebatu dira dantzari moduan 15 urteko formazio-ibilbidea osatuz eta dantza taldearen emanaldietan parte hartuz. Dantzari ibilbideaz gain, dantzaren irakaskuntzan ere eskarmentua dute, Kezka dantza taldeak Eibarko Portalea Kultur Etxean kudeatzen duen Dantza Eskolan euskal dantzako irakasle aritzen baitira.