Atzealdea Museo etnografiko bat ikasgelan: gizarte tradizionalera hurbilduz

Egitasmoaren izena : Museo etnografiko bat ikasgelan: gizarte tradizionalera hurbilduz

Eragilea : Maite Errarte Zurutuza eta Suberri Matelo Mitxelena (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia saila)

Telefonoa
686296185 / 695788373
Kontaktua
Maite Errarte/ Suberri Matelo Mitxelena

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Ondarea

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak

Formatuak:

Hitzaldia
Zein balio sustatzen ditu
Genero ikuspegia, Inklusioa, Kooperazioa, Erantzunbeharra
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
DBH 1., 2., 3. edo/eta 4. maila
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

405€ (BEZa barne)

Jardueraren deskribapena:

Pertsona oro, edozein leku edota garaian bizi dela ere, bizitzan zehar erabili dituen objektu jakin batzuen bidez ezagutu daiteke (janzteko, lan bat garatzeko, aisialdirako edota elikatzeko erabilitako objektuen bidez, esate baterako). Jakina da gure bizitzako objektu horiek norbanakoen nahiz gizarte talde baten oroimenaren erakusle direla. Objektuek, beraz, gutaz edo iraganeko pertsonez hitz egiten dutela esan genezake, eta, hausnarketara gonbidatzen gaituzte.

Horretan datza, hain zuzen ere, etnografia saio hau. Tailer honen bitartez, ikasleek museo etnografikoetan erakusgarri egon ohi diren objektu batzuk hizketan jarri beharko dituzte eta honakoak katalogatu eta interpretatzearekin, noren jabetzakoak izan diren ikertu eta asmatu beharko dute, iraganera hurbilduz. Benetako objektu historikoak eskuetan edukitzeko aukera paregabea da.

Saioa erronka desberdinez osatuta egongo da:

  1. Erronka. Zein objektuk ezaugarritzen zaituzte?: ikasleek beren burua zein objekturekin identifikatzen duten pentsatu beharko dute eta ostean objektu hauek komunean jarriko ditugu ikaskide guztien artean, ondorio batzuk ateraz.
  2. Erronka. Objektuek kontatzen dutena, katalogazioa: pertsona jakin baten bizitzaren parte izan diren objektu etnografiko sorta emango zaie ikasleei taldeka jarrita eta lehen hurbilketa bat egin beharko dute objektuen gainean, honakoek zein izen duten, zein erabilera duten edota zein materialez eginak dauden asmatuz. Ondoren, Aranzadiko teknikarien laguntzarekin, objektu hauek katalogatu egin beharko dituzte.
  3. Erronka. Jarri objektuak hizketan!: Objektuak katalogatu eta hauen informazioa bilduta, ikasle taldeek jada objektu hauen jabeen inguruko gutxi gorabeherako ideia bat eginda izango dute. Beraz, azken erronka honetan, taldeek pertsonaia hauen bizitza istorioa imajinatu eta idatzi beharko dute, gizarte tradizionalera hurbilduz.

Amaitzeko, egokitu zaien pertsonaiaren inguruko mural bat margotu beharko dute, museo bateko panel baten gisara. Halaber, hausnarketarako balioko duten galdera sorta bat planteatuko zaie, ikasitakoa barneratzeko.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:
  • Lekua: ikasgela
  • Iraupena: 3+- ordu
  • Ikastetxeak jarri beharreko baliabidea:
    • Proiekzio kanoi bat edo pantaila bat, ikasleei diapositiben bidez azalpenak eman ahal izateko
    • Ikasleak lanean taldeka aritu ahal izateko mahaiak.
    • Ikasleak eduki ditzaketen baliabideak: arkatzak, margoak, borragoma, etab.

Jarduerari buruzko txostena:

JARDUERAREN ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALARI BURUZKO TXOSTENA

Jarduerak ondare materialarekiko eta berebat, gure iraganarekiko sentsibilitate bat sortzea du helburu. Objektuen identifikazio eta katalogazioaren bitartez, ikasleek garai bateko ondare materiala antzematen ikasiko dute, eta iraganeko objektuak egungo munduarekin lotzen.

 

JARDUERAREN ARLO PEDAGOGIKOARI BURUZKO TXOSTENA

Jardueraren arlo pedagogikoko helburuak:

  • Ikaskideek beren egitekoak erantzukizunez hartzea eta ikaskideen artean kooperatzea.
  • Elkarrizketan trebatzea eta zuzen espresatzea.
  • Sexu (edota beste edozein) bereizkeriari uko egitea eta eskubide nahiz aukera berdintasuna baloratzea.
  • Informazio iturrien erabilerarako oinarrizko trebakuntza garatzea; eta zentzu kritikoa erabiliz ezagutza berriak lortzea.
  • Metodo zientifikoa barneratzea eta ezagutza alor anitzetako arazoak identifikatzeko metodo zientifikoa erabiltzea.
  • Izpiritu ekintzailea eta norberarekiko konfiantza garatzea; erabakiak hartuz, planifikatuz eta iniziatiba hartuz.
  • Ikasleek museoen eta ondare materialaren kudeaketaren atzean dagoen lana ezagutzea.
  • Kulturaren eta gure historiaren oinarrizko ezaugarri batzuk ezagutu, baloratu eta errespetatzea.
Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Maite Errarte Zurutuza (1995eko otsailaren 19a).

 2017an Historian graduatua EHUren eskutik. Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko kidea da eta ondare materialaren kudeaketa eta museografia izan dira bere zeregin nagusiak azken urteetan. 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen Etnografia Prestakuntza Bekaren onuraduna izan zen, Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan Ondare Etnografikoan trebatuz. Beka honi esker, Xixongo Pueblu d 'Asturies museo etnografikoan egonaldia egin zuen. Gaur egun, ondare bildumen katalogazio eta gordetzeak, museografia planak edota kultur hedapen proiektuak taldean kudeatzen aritzen da.

Suberri Matelo Mitxelena (1992)

Historian graduatu zen 2014an eta ordutik ondarearen arloko ikasketak egin ditu, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikia Zaharberritzeko, Birgaitzeko eta Kudeatzeko Masterra. Gradu eta master amaierako bere lanek ondare industrial-etnografikoa jorratu dute batik bat.

2016an Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen Etnografia Prestakuntza Bekaren onuraduna izan zen, Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan Ondare Etnografikoan trebatuz. Beka amaitu ondoren Aranzadiko Etnografia Sailean sartu zen eta ordutik ondarea katalogatzea eta zabaltzea da bere zeregin nagusia. Hala, 2018an Luzaide/Valcarloseko 778 Erakusketa Zentroa komisariatu zuen, historiari, folkloreari eta etnografiari buruzko erakusketak prestatuz; ordutik, ondareari loturiko hainbat proiektu eta erakusketa kudeatu ditu.