Atzealdea Hernandorena Kultur Elkartea

Hernandorena Kultur Elkartea

2021. Urteko jarduerak

Herria: Zizurkil

Web orria: https://hernandorena.eus/

E-posta: info@hernandorena.eus

Hernandorena Kultur Elkartea Zizurkilen sortu zen 2008an. Herrigintzan eta kulturgintzan herrian tradizio luzea zuen hainbat zizurkildar bildu, antolatu eta Kultur Elkartea sortu genuen. Izena Teodoro Hernandorena zizurkildarrari zor diogu:  sendagile, politikari eta, guztiaren gainetik, euskaltzale, “ni ez naiz jaio inoren mende egoteko”, zioen.

Hernandorena Kultur Elkartea Zizurkilgo kultur bizitzan murgilduta egon eta eragile dela esan daiteke, euskaraz beti eta genero ikuspegia ipar duelarik. Urte hauetan guztietan asko izan dira Elkarteak Zizurkilen jorratu, landu eta aurrera atera dituen kultur ekimenak, herritar askoren laguntzarekin eta udalarekin lankidetzan beti. Izan ere, Udal Kultur Batzorde guztietan sistematikoki parte hartzen dugu.  Gure ekimenen aipamen laburra egitearren:

•    Herritar guztien eskura dugun hernandorena.eus webgunea. Atal guztien artean gure Argazkitegia azpimarratu nahi dugu, non Zizurkilgo milaka argazki jasotzen eta etengabe osatzen ari garen bilduma, edonoren erabilera librerako.

•    “Sustraiak” izeneko monografia txikiak, Euskal Herriko eta Zizurkilgo historia eta etnografia, kultura zabaldu asmoz ateratzen ditugunak, gero, etxez-etxe banatuz, herriko familia guztietara iristen direlarik.

•    Elbarrena, Zizurkilgo parte nagusi den auzoari buruzko historiaren azterketa, garapena eta bilakaera egiten ari gara, han-hemenkako protokolo, erroldak, artxibo eta udal aktak ikertuz eta auzoaren lehenaren lekuko izan diren hainbat herritar elkarrizketatuz.

•    Zizurkilgo Udalarekin lankidetzan, Udal ordezkari eta teknikariekin batera, herri-bideen gaia lantzen darraigu. Era berean, herrian zehar egin daitezkeen hainbat ibilbide zehazten eta zehaztapen teknikoak proposatzen ditugu.

•    Pello Mari Otañoren memoriaren kudeaketa hartu dugu gure gain, bertsolari eta poeta zizurkildarraren familiak horrela eskatuta. Otañori buruzko esku-izkribuak eta beste dokumentazioa bildu eta edonoren eskura jarri ditugu. Gainera, Pello Mari Otañori buruz han-hemenka argitaratu den gehiena webean jasota dugu eta bertan kontsulta daiteke. Argentinan urteak eman eta han zendu zenez, bertako euskal komunitatearekin harremanak eginak ditugu eta, guztien artean, La Platako Unibertsitateko Euskal Lektoradoarekin lankidetza estu eta jarraikorra dugu. Azpimarratu Hernandorena Kultur Elkarteak urtero herriko sortzaile bikainaren ohorez, Harituz Bertsozale Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa.

•    Zizurkilgo ikastetxe guztiekin lankidetza programa daramagun, herriko neska-mutilek herria hobeto ulertzera iristea duena helburu. Ezezagun egiten zaizkien herriko hainbat gune ikusi eta ezagututa, gure gazteek Zizurkil eta Zizurkilgo altxorrak eta bazterrak gehiago maite eta zainduko dituzte.

•    Zizurkilgo mugarrien proiektua: Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin herriko mugarri guztiak aurkitzen eta dokumentatzen ahalegintzen ari gara. Herriko ondarea aztertzen, zaintzen eta, bere kasuan, berreskuratzeko asmotan jarraitzen dugu.

•    Herriaren oroimen historikoa jaso eta zabaldu. Gure Zizurkilen historia, ohitura zaharrak (lana, lan tresnak, jaiak, familia, eskola, ogibideak, ekonomia…) jasotzen eta dokumentatzen ahalegintzen ari gara, ez daitezen galdu. Udal eta bestelako artxibategiak arakatzeaz gain, oraindik herriaren oroimena gordetzen duten adineko hainbaten oroitzapenak eta bizipenak grabatzen eta jasotzen dihardugu, hurrengo belaunaldiek ere arbasoen oroimena eskuratu eta berarekin gozatzeko aukera izan dezaten.