Atzealdea Ilustrazioari aplikatutako Zianotipia tailer monografikoa.

Egitasmoaren izena : Ilustrazioari aplikatutako Zianotipia tailer monografikoa.

Eragilea : Sandra Garayoa

Telefonoa
Kontaktua
Sandra Garayoa

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Ikus-arteak

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Plastika
Fisika eta Kimika

Formatuak:

Tailer partehartzailea
Zein balio sustatzen ditu
Bereziki genero-berdintasuna eta inklusioa: sormena, artea, genero-berdintasuna, errespetua, talde-lana, inklusioa, ikasleen parte-hartze aktiboa, adibide berriak, prozesua eta esperimentazioa baloratzea, jakin-mina eta begirada kritikoa lantzea.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Bigarren Hezkuntzako edo Oinarrizko Lanbide Heziketako zein ikasturtera edo zein adinetara zuzenduta dagoen: Guztiei
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

485 € (BEZ salbuetsita)

Jardueraren deskribapena:

Ilustrazioari aplikatutako Zianotipia tailer monografikoa, Sandra Garayoak emana - 2 ordu

Zer da zianotipia?

Zianotipia irudiak erreproduzitzeko antzinako artisau-teknika da, argiarekin kontaktuan jartzean paperean erreakzionatzen duten kimiko fotosentikorren disoluzio bati esker lortzen dena, tonu urdinetan inpresio bakar bat sortuz.

Tailer honetan teknika analogiko honen oinarriak ezagutuko ditugu eta bere aukera guztiak aztertuko ditugu ondoren gure ilustrazioak aplikatzeko eta sortzeko.

Lehenik eta behin, teknika eta testuinguruari buruzko sarrera teoriko labur bat egingo da, emaitzen adibideekin eta Zianotipiak eskaintzen dizkigun aukerekin batera.

Behin teknika sartuta, bi zatitan banatuko den praktikarekin hasiko gara:

1. Probak eta esperimentazioa: Hainbat material organikorekin (naturan jasotakoak edo eguneroko  hondakinak) eta plastikoekin (tenpera, argizariak, arkatzak, espraia) esperimentatuko dugu, argia blokeatu ahal izateko. Materialen aniztasunari esker, gure ilustrazioetan ehundura ezberdinak eta urdin tonu ezberdinak lortuko ditugu. Horrela, teknikak eskaintzen dizkigun aukera grafikoak ikusiko ditugu, eta horiek erreferentzia gisa erabiliko ditugu gure ideietan aplikatzeko.

2. Norberaren sorkuntza: Probak egin ondoren, praktikaren bigarren zatian, ikasle bakoitzak erabakiak hartuko ditu bere ilustrazioa sortzeko. Amaieran, ilustrazio hori errebelatu egingo dugu eta nahi beste aldiz erreproduzituko dugu.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

- Jardueraren iraupena: 2 ordu.
- Pertsona kopurua: klase bat.
- Lekua: Espazio itxian zein irekian (ikasgela edo patioan) egin daiteke, argi naturala eta itzala izateko aukerarekin.
-Ikastetxearen baliabideak: Ur iturria,kartoi mehe zuriak eta koloredunak, arkatzak, zorrozkiloak, borragomak, argizariak, akrilikoak eta proiektorea.

Jarduerari buruzko txostena:

ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALARI BURUZKO TXOSTENA:

Hainbat alderdi artistiko kultural nabarmendu behar dira:

1-Sormena: Zianotipia teknikak aukera sortzaile asko eskaintzen ditu eta gazteen irudimena estimulatzen du, material eta emaitza desberdinekin esperimentatzeko aukera ematen baitie, ondoren beren sorkuntzetan aplikatzeko.

2-Artea eta ondarea: Zianotipia hainbat arte-eratan erabili izan da urteetan zehar, argazkigintza, ilustrazioa, liburuen inprimaketa eta, oro har, ikus-arteetan barne, teknika tradizionalak eta material eta prozesu modernoak konbinatzeko aukera ematen baitu, obra originalak eta berritzaileak ekoizteko.
Tailer honek arteari eta artisau-ekoizpenari buruzko teknika tradizional hori zaintzen eta zabaltzen laguntzen du; izan ere, dagoeneko teknika hau zenbait esparrutan erabiltzen ez bada ere, adierazpen-modu pertsonalagoak eta autentikoagoak bilatzen dituzten artistek eta artisauek oraindik ere erabiltzen dute.

3-Prozesu sortzaile esperimentala: Irudi bat zianotipia bidez sortzeko prozesua oso interaktiboa da, eta inplikazio handia eskatzen du prozesuaren etapa guztietan, materialen hautaketatik hasi eta errebelatua egin arte. Gainera, irudiak sortzeko hainbat modu esperimentatzeak eta esploratzeak sormen-prozesua baloratzen laguntzen du, eta ez azken emaitza bakarrik. Modu honetan, uler dezakete sorkuntza artistikoa ez dela emaitza bat bakarrik, baita adierazpen-forma berriak aurkitu ahal izateko prozesu bat ere. Horrek guztiak sormena garapen pertsonal eta profesionalerako funtsezko tresna gisa baloratzen laguntzen die.

4-Kuriositatea eta begirada kritikoa: hainbat material eta testurekin esperimentatzean, parte-hartzaileek beren jakin-mina eta begirada kritikoa landu ditzakete, eta horrek beren sormenaren garapena eta inguruan duten munduan edertasuna balioesteko gaitasuna sustatzen ditu.

5- Originaltasuna eta malgutasuna: Teknika analogiko gisa, zianotipiak aurretik jakin ezin den emaitza dauka, eta ustekabea bere xarmaren parte  bilakatzen da, azken irudia zehazki nola geratuko den jakin ezin delako. Horren ondorioz, emozioa eta motibazioa areagotzen dira ikasleen sormen prozesuan, eta jarduera dibertigarriagoa eta zirraragarriagoa da parte-hartzaileentzat, giro dinamikoa eta aberasgarria sortuz.

EREMU PEDAGOGIKOARI BURUZKO TXOSTENA:
Aniztasuna eta begirada inklusiboa: Zianotipia teknika eskuragarria da, ez du aldez aurreko ezagutzarik behar, eta pertsona bakoitzaren beharretara eta gaitasunetara egokitu daiteke, bakoitzaren adierazpen artistikorako espresio forma desberdinekiko begirada inklusiboa sustatuz.

Parte-hartze aktiboa eta talde-lana: jarduera praktikan eta esperimentazioan oinarritzen da eta horrek ikasleak beren ikaste-prozesuan inplikatzen ditu, adierazpen artistikorako eta ikusizko komunikaziorako gaitasuna garatzea ahalbidetzen die, lankidetza-lanari eta parte-hartzaileen arteko ideien eta tekniken trukeari dagokienez.

Teknika honen beste alderdi azpimarragarri bat da argi ultramorearen aurrean erreakzionatzen duten kimiko fotosentikorren erabileran oinarritzen dela, eta horrek interakzio interesgarria sortzen du zientziarekin, euskara, ondare kulturala eta ikus-entzunezko artearekin eta arte plastikoarekin duen harreman nabarmenaz gain.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Sandra Garayoa diseinuan eta ilustrazioan graduatua da. Hainbat arlotan lan egin du, hala nola haur eta gazte literaturan, baita publizitatean ere,  erakundeentzat zein enpresa txikientzat proiektuak sortuz. Elkar, Pamiela, Txalaparta eta Bang Ediciones argitaletxeekin lan egin du eta Berria egunkariko Mantangorri gehigarriaren kolaboratzailea da hilero. Ilustrazioari buruzko hainbat tailer eta hitzaldi eman ditu.

Gilda Kultur Elkartearen sortzaileetako bat da. Elkarte honen helburua hainbat praktika artistiko publiko anitzari hurbiltzea, artea elkartzeko eta ausnartzeko gune gisa aldarrikatzea eta artea eta kultura ikuspegi alternatibo batetik sustatzea da.Horretarako, ilustrazioa ardatz nagusi duten kultur jarduerak, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak eta ekitaldiak antolatzen dituzte.

Ilustrazioaren sektoreko hainbat erakunde eta feriek saritu eta errekonozitu dute bere lana, hala Guadalajarako FIL-ek, Boloniako FIL-ek, Irudika azioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak, besteak beste.

Gaur egun hainbat proiektu sortzailetan murgilduta dago eta, aldi berean, hainbat teknika analogikorekin ikertzen eta esperimentatzen jarraitzen du, sormenerako aukera berriak sortuz.