Baserritar jantzia barrutik ezagutzeko aukera Jantziaren Zentroan.
“Baserritarrak” erakusketa doan ikus daiteke, bihartik, azaroaren bata, urtarrilaren bosta bitarte, larunbatetan goizeko 11.00-14:00/17:00-20.00 tara eta igande eta jai egunetan 11.00-14:00tara.
- 349
“Baserritarrak” izeneko erakusketan XX garren mende hasierara jauzia egingo dugu gure herritako baserritarrek nola janzten zuten ikusiaz. Kapitain-etxeko sarrerako aretora sartu ahala, sei emakumek emango digute ongi etorria. Aretoaren paretetan zintzilik 3 metro luze eta metro t’erdi zabal duten zuri beltzezko argazkiak dira. Alboan, irudietan ikus ditzakegun jantzien erreplikak. Bizkaia, Gipuzkoa eta Zuberoako jantziak dira.
Erakusketa 15 jantzik osatzen dute. Hamabi emakumezko eta hiru gizonezko dira. Guztiak ere jatorrizko jantzi zein argazkien erreplikak. Jatorriari dagokionez, bitik bat bizkaitarra da, arrazoia, Eulalia Abaitua argazki bilbotarrak bere inguruko baserri eta herritan ateratako argazkiak direla Euskal Herrian garai horren inguruan dagoen dokumentazio ia bakarra. Gainerako jantziei dagokienez, bost gipuzkoarrak dira, eta bi zuberotarrak, ia guztiak jatorrizko jantzien erreplikak.
Aretoan, goitik behera beltzez jantzita, aurpegia estalia daraman emakumea, eta bere alboan, kapa beltza duen gizonezkoa ikusiko ditugu. Biak Lapurdiko dolu-jantziak dira, garai horretan alarguntzen zirenean janzten zituztenak hain juxtu.
“Baserritar jantzia barrutik” hitzaldia.
Azaroaren azken asteburuan baserritar jantzia nolakoa zen ezagutzeko hitzaldi berezia eskainiko da Jantziaren Zentroan. Jantziaren zati bakoitza azalduko ahala jantzi egingo dugu, horrela, barrutik nola dagoen eginda, nola lotzen den, ikusi eta ikasiko dugu.
Bi hitzaldi izango dira, azaroaren 30an gazteleraz, eta abenduaren lehenean euskaraz, biak ere eguerdiko 12.00tan. Ordu bete eskas iraungo dute eta sei euroko kostua daukate. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzi ala Errenteriako bulegora deituta 943 49 45 21 telefonora, plazak mugatuak dira.
Baserritar jantziaren liburuxka salgai.
Erakusketak irauten duen bitartean, Jantziaren Zentroan “Baserritar jantzia. Herri langile baten aztarna” izeneko liburuxka salgai egongo da 2,5 eurotan. Euskara/gazteleraz idatzia, baserritar jantziaren zati bakoitza deskribatzen da, argazkiekin eta testu zaharrak aipatuta.
“Baserritarrak” erakusketa doan ikus daiteke, bihartik, azaroaren bata, urtarrilaren bosta bitarte, larunbatetan goizeko 11.00-14:00/17:00-20.00 tara eta igande eta jai egunetan 11.00-14:00tara.