Informazio historikoa

Erdi Aroan hasi ziren inguru honetan ura energia indar moduan erabiltzen; dokumentatua dago garai hartan Agorriako burdinola bertan zela. Laurgaingo jaurerriarena zen instalazio hau 1530. urtean itxi eta abandonatu zen. Hala ere, errota batek lanean jarraitu zuen, eta horri beste bat gehitu zitzaion XVIII. mendean. Errota horiek 1754ra arte erabili ziren. Urte hartan, haien jabe zen Joakin Lardizabal gune hidrauliko berri bat eraikitzen hasi zen, metalurgia eta ehoketa bateratzeko asmoz.

Agorregi

Frantzisko Iberok, Euskal Herriko arkitekto entzutetsuenetako batek, hartu zuen proiektuaren ardura. Sistema iraultzaile bat diseinatu zuen, ibai arroaren ur baliabide eskasak ahalik eta gehien ustiatzeko. Ia 2 km-ko hedadura duen ubide-sare zabal honetaz gain, bere planean badaude beste alor batzuk ere, hala nola gurpil eragileen ur-hornikuntzarako antepara bikoitza (ur-andela), berrikuntza handia garai hartarako.

Agorregi

Goiko antepara Giltzariturriko eta Mendi Errekako ubideek hornitzen dute, gunearen alde garaitik iragaiten diren kanalen bidez. Andel horretatik hauspoen gurpilera erortzen da ura eta horrela horiek labean beharrezkoa den airea ematen dute, galdaketarako beharrezkoa den tenperatura altua ziurtatzeko. Beheko anteparak beherago kokatutako kanaletatik jasotzen du ura (lehenago aipatutako erreketatik datoz horiek ere) eta baita Mateosui ubideko urak biltzen dituen urtegi batetik ere, beste kanal baten bidez. Bigarren antepara horrek gaitasun handiagoa du bertan kokatuta dauden bi ur jauziri esker: lehenak arto-errota bat ibilarazten du, eta bigarrenak agoa edota ezpurutasunez betetako burdin-masa lantzeko erabiltzen zen mailua. Burdin-masa hori burdin onezko totxo bihurtzen zen eta hala era guztietako tresnak egiteko prest geratzen zen.

Gainera, beheko anteparak hauspoen gurpila mugiarazteko urak berrerabiltzen zituen. Labea lantegiaren erdigunean zegoen kokatua eta horma “bergamazoak” bereizten zuen hauspoetatik; bere aurrean, beste muturrean, mailua ezartzen zen eta horrela burdinaren lana errazten zen.

Minerala Bizkaitik ekartzen zuten batez ere, eta itsasoz iristen zen Orioraino “patatx benakeroetan”. Horietako bi, karga eta guzti, Orioko itsasadarrean egindako esku-hartze arkeologiko bati esker berreskuratu ziren. Ikatza inguruetako mendietan egiten zen, batez ere zuhaitz motzetatik hartutako egurrarekin. Iberoren proiektuaren emaitzei buruzko berriak oso nahasiak dira; pentsatzekoa da inbertsio horrek porrot egin zuela. Arrazoien artean diseinu-arazoak aipatzen dira. Geroago zerra bat jarri zen, hau ere hidraulikoa, eta azkenik burdinolaren oinean errota bat eraiki zen, soberako ura aprobetxatzeko.

Agorregi