Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Kultura Bonua

 

Kultura Bonua 2024

8.667 bonu, kultura Gipuzkoa osora hurbiltzeko

 


 

  • 8.667 bonu eskuragarri 71 establezimendutan, Gabonetan kultura oparitzeko eta kulturaz gozatzeko.

  • Literaturaren, musikaren eta zinemaren sustapena: 2.666 bonu euskarazko produktuetarako eta 6.001 beste hizkuntzetako produktuetarako.

  • Gehienez 12 euro euskarazko produktuetarako eta 8 euro beste hizkuntzetako produktuetarako. Bonuak 2024ko abenduaren 5tik 2025eko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Kultura Bonua kanpaina abiarazi du berriz ere, kultur kontsumoa sustatzeko, tokiko merkataritzari laguntzeko eta gipuzkoarren artean kulturaz gozatzea sustatzeko funtsezko ekimena. Aurten, kanpainak 80.000 euroko inbertsioa izango du, kultur produktu ugari eskaintzen dituzten liburu-denda eta establezimenduen sarearekiko konpromisoa berretsiz.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, Kultura Bonua "kultura pertsonen egunerokotasunera hurbiltzeko aukera bat da. Pizgarri txiki honek urtean zehar kulturaz etengabe gozatzen hasteko eta, gainera, gure herri eta hirietako kultura-merkataritza indartzeko balio izatea nahi dugu".

Lurralde osoko 71 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, herritarrek bonuak erosteko aukera izan dezaten. Erraz ezagutzeko moduko bereizgarri bat izango dute, establezimenduan bertan kontsumitu ahal izateko. Ekimenaren helburua da herritarrei kultura-ondasunak eta -produktuak eskuratzen laguntzea eta kultura-arloko enpresak indartzen laguntzea. Bonuak lurralde eta eskualde orekaren eta establezimendu bakoitzaren pisu espezifikoaren arabera banatuko dira.

Nola funtzionatzen du Kultura Bonuak?

Eskuragarri dauden bonuak: 8.667, Gipuzkoako 71 establezimendutan banatuta, kanpainaren bereizgarri bati esker erraz identifika daitezkeenak.

Deskontuak:

Gehienez 12 euro euskarazko produktuak erosteagatik, 20 eurotik gorako erosketa eginda.

Gehienez 8 euro beste hizkuntzetako produktuak erosteagatik, 20 eurotik gorako erosketa eginda.

Kanpainan sartzen diren produktuak: literatura, musika eta zinema (testuliburuak, ikasketetakoak edo profesionalak izan ezik).

Erabilera-datak: 2024ko abenduaren 5tik 2025eko urtarrilaren 31ra.

Helburua: Kultura guztion eskura

Kanpaina honen bidez, Aldundiak kultura-kontsumoa sustatu nahi du Gabonetan, eta urte osoan zehar zabalduko den dinamika positiboa sortu. Gainera, lurralde orekaren aldeko apustua egiten da, bonuak establezimendu bakoitzaren ezaugarrien arabera esleituz.

Goizane Álvarezek eskertu egin du parte hartu duten establezimenduen inplikazioa, eta nabarmendu du, horiei esker, kulturak gure bizitzetan lehentasunezko lekua izaten jarraitzen duela. "Kanpaina hau berriro ere arrakastatsua izango delakoan gaude, gipuzkoarrei zein kultur merkataritzari mesede eginez".