Urretxuko Aizpurunea kultur etxeko beheko solairuan dago kokatua. Bi zati bereizten dira: bata, mineralei dagokiena, 1.000 pieza inguru katalogatuta dituena eta konposizioaren arabera hamaika taldetan sailkatuak daudenak; bestea, fosilei dagokiena, bost kontinenteetatik jasoak, eta kronologikoki jarriak. Gainera, erakusketa honek badu harkaitzei eskainitako leku berezi bat.
Anduetza Parketxeak Aizkorri-Aratz parke naturala ikusteko, sentitzeko eta interpretatzeko beste modu bat aurkezten digu; ez digu soilik parkeko natura aberastasuna erakusten, honekin bat mendeetan zehar naturaren eta gizakiaren arteko elkarbizitzak sortu duen paisaia kulturala ere erakusten du.
Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan eta Aralar Parke Naturalaren barruan. Errepide ertzean, Lizarrusti portuaren gainean dago kokatua (621 m.). Gipuzkoatik, Ataun zeharkatuz iristen da (Beasaindik 18 km.). Nafarroatik, Arbizu eta Etxarri Aranatz herrietatik.
Aiako Harria Parke Naturaleko sarbideetako batean, mendigunearen baldintza geologikoen pean kokatzen da Arditurriko Meatze Gunea. Erabateko meatze-paisaia eskaintzen du, oraindik ikusgai baitira hala nola zerura irekitako harrobiak, esterilen zabortegiak, plano inklinatu eta lur-berdinketak, meatze-sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta baita garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea ere, gaur egun bidegorri bilakatua. Lur azpian berriz gizakiaren eragina handiagoa da; hainbat kilometro galeria aurkitzen baitira bertan, meatzaritza-lana eta erauzketarako gune ezberdinen sarea osatuz.
Euskal Herriko paisaia karstikoaren erakuslehio ederra da Oñati ingurua. Bertan, EAEko mendi tontorrik garaienen barrenean, Arrikrutz-Oñatiko kobak ditugu. Ingurune hau karstaren museoa bizia dugu, arroil, amildegietan zintzilik geratu zaizkigun Aitzulo bezalako paleokobazulo eta lurpeko mundua gerturatzen diguten Arrikrutz-Oñatiko kobazuloekin batera.
Txingudiko padurek Gipuzkoako hezegunerik garrantzitsuena osatzen dute. Pirineoen eta itsasoaren artean kokatutako biodibertsitatearen altxor honek, hainbat habitat aberats ditu Bidasoa ibaiarekin duen erlazioari esker. Hain zuzen ere honen itsadarrean, Irun, Hondarribia eta Hendaia bateratzen dira, non oraindik garai bateko paisaiaren edertasuna nabarmentzen den.
Eureka Zientzia Museoa, kutxaren Gizarte Ekintza, gure gizartearentzako kultura- eta hezkuntza- baliabide bat da.
Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan dago, ingurune natural ikusgarrian, eta museo interaktiboa da. Izan ere, informazioa modu erakargarrian aurkezten du eta komunikazio-estilo berria du, objektuen maneiuan eta esperimentuetan oinarritua.
Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua ezagutzeko gunea da. Natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura dira ardatz nagusiak, eta hauen arabera, atal ezrbedinetan banaturik dago zentroa.
Balio ekologiko handiko ingurunea da eta bertako habitatak eta espezieak ulertzeko gakoak emango dizkizugu Fagusen, bai zentroan bertan eta baita ibilbide gidatuetan ere. Eskola-umeentzat zein taldeentzat neurrira egindako bisitak antolatzen ditugu. Naturaz gozatzeko aparta da Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa.
1986. urtearen bueltan, Udaletxean bertan zegoen lokal batean, Eskoriatzako Museo Eskola sortu zen Luis Ezeiza Herri Eskolan historia arloa lantzeko proiektu osagarri bezala. Beranduago, Udalak Ibarraundi jauregia erosi zuen eta 2005. urtean, ordura arte Eskoriatzako Museo Eskola izandakoa Ibarraundi museoa izatera pasatu zen.Ibarraundi jauregia XV. mende erdialdekoa dela uste da, Erdi Aro bukaerakoa, Galartza familiarena.
Gaur egun Ingurugiro Etxea museoa izenarekin ezagutzen dugun eraikuntza hasiera batean Umeentzako Museoa izan zen. Umeentzako museoa 1986an Azpeitiko udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika eta Garraio Sailaren artean sinatutako hitzarmenari esker sortu zen, 1987ko ekainaren 5ean inauguratu zuten. Museoaren helburu nagusia bisitariek ingurumena babesteko ezagupenak, interesa, eta beharrezko sentsibilitatea lortzea izan zen.
Iturraran XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da eta bisitarientzako harrera-gunea izateaz gain, Pagoetako Parke Naturalaren interpretazio-zentroa ere bada.
Museo honetako pieza gehienen erreferentziak nekazal mundukoak dira: laia eta goldeak, gurdi eta lanabesak, gari-makina, sagardo tolarea, lapikoak, kutxak, oramahaia... etxape, janari eta jazkia eskuratzeko lanbide gogorren lekukoak dira; baina baita josteko makina, telefonoa, argizaiola, liburuak, erretrato zaharrak, pisuak... erlijioaz, merkataritzaz, kirolaz, gerraz, jaiaz, emigrazioaz mintzatzen zaizkigunak.
Benetako eszenario eta pertsonaia historikoekin, eta hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin egiten da Agur Lili antzezlana.
Bakarrizketa batean, jauregian bizi izan zen lilitarren leinuko azken biztanleak, Andre Madalenek, 1680. urtera eramango ditu bisitariak, eta etxeko gelak eta aretoak ikusiko dituzue bidean.
Ongi etorri Luberrira, Oiartzungo Ikasgune Geologikora. Luberri kultur ekimena azken urteotan koskortu da, Oiartzungo Udalaren, Aranzadi Zientzi Elkarteko geologia saileko kide Jose Angel Torres eta Klara Isabel Gutierrezen eta hainbat laguntzaile zein ikertzaileren lankidetzari esker. Horien guztien elkarlanaren emaitza duzu Geologia, Paleontologia eta Lur Zientzien azterketa eta zabalkundeari eskainitako kulturgune hau.
Erakusketa iraunkor honetan mundu osoko tximeleta benetakoen edertasuna eta koloreak mirest daitezke. Espainiako tximeleta guztiak, erakusketa honen egileak, Manuel Aguiresarobek, jaso ditu eta berak eginak dira ere estatu espainoleko espezie guztiek banan bana dituzten fitxak eta bertan ikus daitekeen tximeletaren ziklo biologikoaren inguruko dokumentala. Gainontzeko lurraldeetako tximeletak mundu osoko kide eta erakundeekin elkartrukatuz lortu dira. Oro har, 7000 tximeleta inguru daude ikusgai erakusketa honetan.
Ur mara museoko areto nagusiak baso autoktono bat dira: pagoak, haritzak, lizarrak, gaztainondoak eta urkiak. Koldobika Jauregiren eskulturak eta instalazioak daude bertan, eta, ibilbide horretan, artea, natura eta etnografia elkarrekin lotzen dira, naturarekiko eta gure ingurukoekiko errespetuzko diskurtsoa sortuz.