Proiektu enblematikoak

Itsasok San Bartoleme Elizako Erretaula Nagusia

San Bartolome elizako tenplua XVI. mendekoa da zatirik handienean. Hiru nabez osatua dago, erdi puntuko arkuteriaz eta abside poligonalarekin.

Erretaula nagusi gailena Juan Lizarazu maisuak egindakoa da. Zurezko bere tailuak, apaingarriak eta iruditeriak egilearen ezaugarriak eta bere garaiko estiloa uzten dituzte agerian.

Polikromia bikaina Tomas Oñatek egindakoa da.

2017. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero ondarea berrezarri eta sendotzeko onartzen duen diru-laguntza ildoaren barnean, erretaula hori Ondare historiko eta artistikoko Zerbitzuko teknikarien zuzendaritzapean berrezarri zen Petra SL enpresarekin batera, obren egikaritzearen ardura Equipo 7 restauraciones SA enpresak hartu zuelarik beregain. Lan horiek 2017ko uztaila eta azaroa bitartean egin ziren.

Hasierako egoera

  • Zikinkeria asko zegoen barnean
  • Pipiaren erasoa. Eraso horiek oso biziak ziren eta modu aktiboan zeuden zenbait zonaldetan
  • Bolumen-galerak frisoen molduretako profiletan, apaindurazko irudi zatien galera
  • Polikromian babeserako berniz ezberdinak oso herdoilduta eta belztuta ageri dira. Belztura horrek orotariko polikromia, esgrafiatuak, metal-xaflazko estaldurak eta irudi fitoformakoak ezkutatzen ditu.
  • Purpurinazko birpinturak erretaula osoan zehar, eta zilarrezko purpurina lokalizatuagoak
  • Polikromien gainjarpena

Berrezartzeko irizpideak

  • Berrezarpen-lanak elizan bertan egin ziren, erretaula desmuntatzeko premia ez zelako ikusi
  • Aplikatu ziren tratamenduak egonkorrak eta alderantzikagarriak izan ziren, eta ondasunaren jatorrizko irudia aldatu gabe
  • Identifikatu ezinezko bolumenarekin lotutako akats ikonografikoak ez ziren txertatu, piezaren egonkortasunean, irakurketan edo erabileran eragiten zuten mutilazio zenbait salbu
  • Polikromiaren berrintegrazioekin ez da birsorkuntza ilusionistak egiteko asmorik izan, baizik eta multzoaren irakurketa egokia berreskuratzekoa

Berrezartze-prozesua

  • Desinfekzioa
  • Xurgatze bidezko garbiketa: ile leuneko brotxekin eta presio baxuko xurgatze bidez burutzen da, solte dauden polikromiak kentzea ekidinez.
  • Zura sendotzea gehien kaltetutako zatietan
  • Erretaula hormara ainguratzea. Ainguraketa berriak atiko edo frontoiaren goialdean.
  • Kolorea sendotu eta asentatzea
  • Tailuak eta apaingarriak desmuntatzea. Soilik ezinbestekoa denean.
  • Garbiketa fisiko eta kimikoa, eta birpinturak kentzea. Mikrolaginak analizatu ziren mantentzeko birpintura edo birpolikromiei buruzko irizpideak finkatzeko.
  • Iztukatu eta berrintegratzea. Zenbait kasutan zura agerian uzten da eta beste zenbaitetan kolorea ematen zaio, gauzatu zeneko forma aldatuz.

Erretaula berreskuratu eta XVI. mendean izango zuen itxura gure garaietara ekartzeko ahalegina egin da, baina ia bost mendeko bizitzaren aztarnak mantenduz. Horretarako, tratamenduak kontserbazioa azpimarratu duela esan dezakegu, metodo eta konposatu kaltegabeak erabiliz, modu minimo eta itzulgarrian jardunez.