12 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako jarduera artistiko-kulturalen katalogoa egingo da.
Parte hartu nahi duten artistek eta kultura-eragileek urteko edozein unetan aurkeztu ahal izango dute beren jarduera proposamena.
Proposamenak irizpide artistiko, pedagogiko eta ekonomikoen arabera baloratuko dira, baina baita euskarazko eskaintzari lehentasuna emanez eta edukiek genero berdintasuna eta inklusio printzipioak bermatzen eta sustatzen dituztela zainduz ere.
Balorazioa gainditzen duten proiektuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten Gipuzkoako ikastetxeei eskainiko zaien jardueren katalogoan sartuko dira.
Katalogoa urtero berrituko da eta Kultura Eskolaren webgune honetan egongo da ikusgai.
Urtero, irailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat argitaratuko du. Deialdi horretan, jarduerak egiteko baldintzak ezarriko dira, bai eta jardueren finantzaketarenak ere.
Baldintza horiei esker, jarduerak modu orekatuan banatuko dira irizpide kuantitatiboetan oinarrituta, zentro bakoitzean egin beharreko jardueren kopurua mugatuz, lurralde-oreka zainduz eta kultura esparru eta arte diziplina guztiak ordezkatuta egotea lehenetsiz.
Katalogoko jarduera bakoitzerako muga bat ere ezarriko du, jardueraren batean kontzentraziorik gerta ez dadin.
Jarduerak ikastetxeei esleitu ondoren, ikastetxeek hautatutako jarduerak sustatzen dituzten eragileak kontratatuko dituzte, katalogoan ezarritako prezioan eta egin beharreko jardueren kopuruan oinarrituta, eta jarduerak gauzatu ahala dagozkien zenbatekoak ordainduko dituzte.
Jarduerak ikasturtean zehar egingo dira, eskola-ordutegiaren barruan, ikasgelaren barruan zein kanpoan, jarduera motaren arabera eta, betiere, ikastetxearen komenigarritasunaren eta jarduera bakoitzaren ezaugarrien arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduera bakoitzaren kontratu-kostuaren % 90eko diru-laguntza emango die zentroei.