Kultura Digital@: gaitasun digitalen garapena baino harago, digitala denaren kultura eta digitalki lantzen den kultura da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, lurraldeko haur, nerabe eta gazteen, eta haien sustapenean aritzen diren eragileen, gaitasun digitalen garapena bultzatzeko beharraz jakitun, Kultura Digital@ programa jarri zuen martxan 2016an, alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko, baina baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere.
Komunikazioaren teknologia eta logika berriek informazioa lortzeko aukera ugari eskaintzen dituzte, baina batez ere edukien ekoizle eta sortzaile bilakatzeko aukera ematen die haur, nerabe eta gazteei. Ez da teknologiei eta kontsumoari bakarrik dagokien gaia, baliabide horien inguruan kultura berri bat sortu da: elkarrekin egoteko modu berriak.
Kultura Digital@ programaren hartzaile zuzenak haurrak, nerabeak eta gazteak dira eta, jakina, familiak eta haiekin lanean aritzen diren profesional eta eragileak, honen helburuak lortzeko bitarteko diren heinean.