Datu eta Irudien babeserako baliabideak

Atal honetan zerbitzuetarako baliagarriak izan daitezkeen zenbait baliabide topatuko dituzue. Batetik, hartzaileei paperean banatuko zaizkien dokumentuen txantiloiak izango dituzue: izena emateko orriaren txantiloi bat eta irudiak erabiltzeko baimenarena daude. Irudiak erabiltzeko, bi adibide jarri ditugu: zerbitzuaren jardun orokorrean irudiak erabiltzeko baimena eta  zerbitzuak antolatutako ekimen zehatzetan irudiak erabiltzeko baimena. Bestetik, izena online emateko erabili daitekeen BakQ euskarriari buruzko informazioa duzue: bere funtzionamendua eta nondik norakoak, gainetik azalduta. 


Horrez gain, datuen eta irudien babesari buruzko material interesgarriak ere ageri dira, baita ere gaiari buruzko ohiko galderak eta horien erantzunak ere.

DATU ETA IRUDIEI BURUZKO GIDA DESKARGATU

 

 

 

Txantiloiak deskargatzeko:

Paperezkoak

320x162

Izen-ematea (word)

DESKARGATU HEMEN

320x162

Irudien erabilera zerbitzuan (word)

DESKARGATU HEMEN

320x162

Ekintza puntual bateko irudien erabilera

DESKARGATU HEMEN

Online: BakQ sinadura digitala

BakQ identifikazio eta sinadura elektronikoko baliabide bat da, identifikatzaile batez eta autentifikatzeko bi faktorez osatuta dago: erabiltzailea (erabiltzailearen NAN zenbakia), pasahitza (8 karakterez osatutakoa) eta 16 posizioko koordenatuen jokoa edo SMS bidez telefono mugikorrera bidalitako kode bat.

Edozein eragilerekin eta ezer instalatu beharrik gabe, ordenagailuetan, telefono mugikorretan eta tabletetan erabili daiteke. Tramite elektronikoak egin ahal izateaz gain, BakQ bidez, kontsultak eta tramiteak egin ahal izango dira administrazio publikoko zerbitzuetan.

Izenperen identifikazio elektronikoko ataria erabiltzen ez duten administrazioekin eta erakundeekin harremanetan jartzean ere BakQ erabili daiteke identifikatzeko eta sinatzeko. BakQ baliabideak sinadura-ziurtagiri kualifikatu bat du eta Izenpek txartel birtuala eskaintzen du, ziurtagiri kualifikatu hori txartel fisiko batean erabiliko balitz bezala erabili ahal izateko. Ordenagailuan instalatzen den software txiki bat da, eta horrekin ziurtagiri digitalen erabilera ahalbidetzen duen edozein egoitza edo bulego elektronikotan identifikatu daiteke.

 

 

 

Material interesgarriak:

320x162

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (DBEO-GDPR-RGPD) (pdf)

DESKARGATU HEMEN

320x162

Datuak Babesteko Lege Organikoa 3/18 (DBLO) (pdf)

DESKARGATU HEMEN

 

Datuen tratamenduari buruzko ohiko galderak:

Zer da datu pertsonal bat? Adibideak?

Datu pertsonal bat da identifikatutako edo identifika daitezkeen pertsona fisikoei buruzko edozein informazio; alegia, haien identitate fisiko, fisiologiko, psikiko, ekonomiko, sozial edo kulturalari buruzko edozein informazio. Pertsona bakoitza izango da bere datu pertsonalen titularra.

Datu pertsonalen adibideak: erabiltzaile baten izen-deiturak, NAN, jaioteguna, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, irudiak, gurasoen datuak ere bai (lanbidea, ikasketak, lan egiten duten tokia, bankuko kontuaren zenbakia).

Zer da datu-tratamendu bat? Adibideak?

Datuak Babesteko Lege Organikoak (DBLO-LOPD) zehazten duenez, datu pertsonalak dituzten jarduera guztiek datu-tratamendu bat osatzen dute; bai eskuz egiten direnak (fisikoki), bai modu automatizatuan (ordenagailu bidez) egiten direnak: datuen bilketa, erregistroa, antolaketa, egituraketa, kontserbazioa, egokitzapena edo aldaketa, erauzketa, kontsulta, erabilera, komunikazioa, zabalkundea, ezabatzea edo suntsitzea… denak datu-tratamendutzat joko ditugu.

Datu-tratamenduen adibideak:

  1. Ikasturte-hasieran erabiltzaileen eta gurasoen datuak jasotzea (izena emateko orrian) datu pertsonalen tratamenduaren adibide argia da.
  2. Webgune batean erabiltzaile baten irudi bat argitaratzea, edota hura ezabatzea.

Erabiltzaileei (eta gurasoei) zer datu eskatu behar zaizkie?

Datuak Babesteko Lege Organikoak (DBLO-LOPD) zehazten duenez, gehiegizkoak diren datuak ezingo dira bildu datuak eskatzerakoan. Horren arabera, adostutako helburu horretarako beharrezkoak diren datuak  eskatuko dira soilik.

Adibidea: plaza mugatua duen ordainpeko ekintza baterako ez litzateke egokia izango gurasoei bankuko kontu korrontea eskatzea, ume horrek ekintza horretan plaza bat duela ziurtatu arte.

Nori eskatu behar zaio baimena? Erabiltzaileei? Edo gurasoei?

Datuak Babesteko Lege Organikoak (DBLO-LOPD, 7. artikulua) zehazten du 14 urtetik beherako adina dutenen gurasoei dagokiela baimena emateko ardura. Adin horretatik gora, adingabeek eman dezakete baimena.

Zenbat denboraz eta nola gorde behar dira datuak?

Datuak Babesteko Lege Organikoak (DBLO-LOPD) zehazten duenez, arau orokor gisa, datu-bilketak duen helbururako eta datu horiek tratatzearen ondorioz sor daitezkeen erantzukizunei aurre egiteko beharrezkoa den denboran gordeko dira. Beharrezkoak ez direnean, ezabatu egin beharko dira datuak. Horren arabera interpreta dezakeguna da ezin dela epe jakin bat ezarri eta zerbitzu (udal) bakoitzak adostu beharko duela bere protokoloetan.

Datuen tratamendu guztietan gurasoen baimena (edo erabiltzaileena) izatea ezinbestekoa al da?

Ez. Datuak Babesteko Lege Organikoak (DBLO-LOPD) zehazten du badaudela salbuespen batzuk non zerbitzuek ez duten baimenik izan behar datuen tratamendua burutzeko. Adibidez, erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko xedez, segurtasun-indar eta -kidegoei, gizarte-zerbitzuei edota osasun-zentroei erabiltzaileei buruzko informazioa eman dakieke, haien baimenik izan gabe.

Kanpoko enpresa batekin ekintza bat antolatzen denean gurasoen baimena beharrezkoa da?

AEPDek dioenez, datuak beste erakunde/enpresa batzuei jakinarazteko, oro har, interesdunen, erabiltzaileen edo gurasoen edo tutoreen baimena beharko da (14 urtetik beherakoak badira). Hala, jardueraren bat egin nahi izanez gero, adibidez, museo batera joan, kirola egin, etab., beharrezkoa da interesdunen edo haien guraso edo tutoreen aldez aurreko baimen argia.

Irudien tratamenduari buruzko ohiko galderak:

Adingabeen irudiak hartzeko garaian, zer nolako jarraibideak hartuko dira aintzat?

  • Honako printzipio hau aplikatzea: argazkiaren protagonista ez da adingabea bera, baizik eta egiten ari dena (ekintza).
  • Haur eta Nerabeen irudiaren babesa jartzea beti promozio edo bestelako helburuen gainetik.
  • Adingabeak ahalik eta gutxien identifikatzeko ahaleginak egitea (are gehiago argazkiak webgune edo sare sozialetara badoaz).
  • Aurrekoari loturik, erretratu edo lehen planoko argazkiak ekiditea eta, horren ordez, beste aukera batzuk bilatzea (sorbaldatik ateratakoak, egiten ari diren ekintzan zentratuz).
  • Banakako irudien ordez, talde-argazkiak hobetsiko dira.
  • Iraingarriak izan daitezkeen irudiak ez hartzea (ezta argitaratzea ere), adingabeen ohorea, intimitatea eta pribatutasuna babestuz.
  • Baimenik eman ez dutenen kasuan (edo atera nahi ez dutenekin) aukera bat izango da beraiek argazkilari-lanak (edo laguntzailearenak) egitea, bazterturik ez uzteko.
  • Behin irudia aterata, adingabearen oniritzia eskatuko da, prozesuaren parte eginez eta betiere bere iritzia aintzat hartuz.

Guraso batek argazkietan ateratzeko baimena eman badu, baina erabiltzaileak nahi ez badu (eta alderantziz), nola jokatu?

Lehenik eta behin, erabiltzaileen adina kontuan hartu beharko da. DBLOak zehazten du adinez 14 urtetik gorakoa bada, erabiltzailearen erabakia beti gailenduko dela. 14 urtetik beherakoen kasuan, berriz, nahiz eta gurasoen baimena izan, argazkia ateratzeko, hezitzaileei dagokie balorazioa egitea, betiere umearen erabakia zein den aintzat hartuz (gerta daiteke gurasoen baimena izatea, baina adingabeak argazkian atera nahi ez izatea).

Nola jokatu argazki baimenik ez duten erabiltzaileekin?

Nahiz eta argazkiak ateratzeko baimenik izan ez, kontuan hartu behar da ekintza batetik inoiz ezin izango dela erabiltzailerik baztertu arrazoi horrengatik. Beti izan behar du lehentasuna “adingabearen interes gorenak” (Adingabearen Legeko 2. artikulua).

Argazki batean baimenik ez duen erabiltzaileren bat nahi gabe ateratzen bada, nola jokatu?

Argazkia bere horretan ezin izango da inoiz argitaratu (web, sare sozial, memoriak…), eta argitaratu bada, toki horretatik ezabatu egin beharko da. Arazo legalak saihesteko, zilegi da argazki horretan erabiltzailearen aurpegia difuminatzea edo pixelatzea, baina hala eta guztiz ere, horrelako teknikak askotan ez dira nahikoak izaten adingabea ez identikatzeko (askotan kontrako eragina dute).

Nahiz eta erabiltzaile batek (edo guraso batek, legezko tutore moduan) argazkiak atera eta argitaratzeko baimena eman, ba al du aukerarik edozein unetan horietako bat ezabatzeko agindua emateko?

Bai. DBLOren (LOPD) 15. artikuluan zehazten denez, erabiltzaileen eskubideetako bat da ezabatzekoa. Beraz, horrela eskatuko balu, argazkia kendu eta ezabatu egin beharko litzateke.

Legezkoa al da sare sozialetan jarduerak zabaltzeko irudietan adingabeen aurpegiak agertzea, baimena sinatu arren?

Bai, interesdunek (edo guraso edo tutoreek, 14 urtetik gora denean) baimen-orrian helburu horrekin egiteko onespena eman badute, zilegi da. Halere, adingabeen irudiak hartzerakoan komeni da argazkiak egiteko garaian aipautako aholkuak jarraitzea, are gehiago irudi horien difusioa egiten bada.