Udaleku digitalak

Programazio-lengoaia ezagutzea, sormen-teknologia garatzeko tresnak eta baliabideak eskuratzea eta teknologiarekin harreman egokia izatea sustatu nahi da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UDALEKUAK programaren baitan eta Kode Eskolarekin elkarlanean, kultura digitala sustatzeko hainbat txanda berezi antolatzen ditu Hondarribiko Aterpetxean: Hondarribia digitala. Txanda horietan ibilaldiak, hondartzarako irteerak eta kirola egiteaz gain, teknologiarekin zerikusia duten ekintzak ere garatzen dira: bideo-jokoak sortu, lego robotika landu, etab.

Era horretan, jarduera horien bitartez, parte-hartzaileek programazio-lengoaia ezagutzea, sormen-teknologia garatzeko tresnak eta baliabideak eskuratzea eta teknologiarekin harreman egokia izatea sustatu nahi da. Bide batez, Gipuzkoako haurrei eta nerabeei ezagutza horiek eskainiz, arlo horretan beraien artean egon daitezkeen arrakalak gainditu nahi ditu Aldundiak.

 

Kode_Eskolaren helburu hezitzailea da, haur eta gazteek, teknologia berriak erabilita eta gizarteari garrantzi handiko ekarpena eginez, sormena eta pentsamendu logikoa garatzea. Eta horretarako, betiere irudimena abiapuntua dela, programatzen eta kodea idazten erakusten die (Kode_Eskolan, haur eta gazteek irakurtzen ikasi duten bezala ikasiko dute programatzen).

IKUSI ARGAZKI GALERIA