Antxoa izan, balea izan, angula izan, izokina izan, arrantza da jarduera nagusietakoa gurean historiaurretik. Jarduera ekonomikoa, eguneroko jakia lortzetik nazioarteko merkataritza-esparruetarainokoa, gaur egun eta aspaldi handian. Baina baita jarduera sozial eta kulturala, nortasun kolektiboaren ezaugarri behinena, kostaldeko herrietan bereziki, baina ez soilki.
Erlijioak berak, haragia jateko debeku eta guzti, markatu du gure itsas ondarea. Bakailaoaren arrantza, hein handi batean, harekin lotua dago, behar bezala kontserbatuta urte osoan eskuragarri zegoen eta. Ternuaraino joaten ziren arrantzaleak aipatuta, gizonak etorri ohi zaizkigu gogora; baina bakailaoaren kontserbatze- eta merkaturatze-prozesuetan, Euskal Herrian behintzat, emakumeek sekulako protagonismoa izan zuten, eta ez zuten dudarik ere egiten auzietara jotzeko ere beren etekinak defendatze aldera; adibidez, 1623an, Tomasa de Azcarate alargunak, bere “El Buen Suceso” itsasontziak Ternuatik ekarritako kargaren banaketa zela eta.
Atlantikoa zeharkatzen zuten itsasontzien eboluzioan arrantzak garrantzi historiko handia izan badu ere, hari loturiko ondarea xumea izan ohi da, arrantzale-familien egoera sozioekonomikoaren pare. Industrializazioaren aurretik, esaterako, lanabesak eskuz egin ohi ziren, oso lanabes eta baliabide gutxirekin, egin ere. Hona hemen argazki eder bat, gizonen eskuek oratutako sarearena, ikusten ez ditugun emakumeen eskuek josi eta konpondutako sarearena, hain zuzen. Amuak, aldiz, gizonek –eta mutikoek– egin ohi zituzten; esaterako, Mutrikutik ekarritako amugile-mahaia, gorde diren bakanetakoa.
Hain zuzen, Euskal Itsas Museoak itsas ondarea biltzeko egindako lana miragarria da. Ikusgai ez dagoena Gordailuan egon arren, beti izaten da erakusketa interesgarri bat, edo gehiago, museoan bertan, Donostiako kaian.