Erlijio askotan, lehen gizakia jainkozko izaki batek buztinez egina da, buztingintzari ematen zitzaion garrantziaren adierazgarri.
Buztinezko gauza asko egin badaiteke ere (teilagintza eta adreilugintza dira horien aldaerak, eraikuntzan funtsezkoak) eltzegintza eta denetariko ontziak egitea da ezagunena. Gipuzkoan badaude buztin onak, baina historikoki buztingile gutxi egon da; Gipuzkoako azken buztingile tradizionala Zegamako Gregorio Aramendi izan zen. Teilak eta adreiluak ere, sarritan Ipar Euskal Herritik edo Asturiasetik etorritako langileek egiten zituzten. Halakoetan normalean aldi baterako kontratuak izaten ziren, udalek edota partikularrek sinatuta, non zehazten baitziren lehengaia eta erregaia non eta nola eskuratu eta ekoizpena noren esku eta zenbatean zen.
Egia da gure inguruko buztina ona izaten zela pegarrak, pitxerrak eta likidoak gordetzeko denetariko ontziak egiteko; baina ez suarentzat: “sutan jartzean jakiten da nolakoa den ontzia” dio esaera zaharrak, problema praktikoa metafora bihurtuta. Gipuzkoako eltze gehienak Zamorako probintzian edo Valladolidekoan eginak ziren, emakumeek eginak, hain zuzen, hemengo buztingileek erosi, hemengo gustuko esmalte zuria eman eta hemengo sukaldeetarako saltzen zituztenak.
Euskal Herrian gizonezkoak izaten ziren eltzegileak. Lanbidea galtzear zegoela ematen zuenean, emakumezko batek, Blanka Gomez de Segurak, Jose Ortiz de Zaraterekin ikasi eta ondoren, buztingile ez ezik, hurrengo belaunaldietakoen irakasle izan da. Egiten dituen piezen artean agian pegarra da enblematikoena, euskal kantaroa, ura buru gainean ekartzekoa.
Arabako Elosun, Ollerias auzoan, Blankaren lantokia ez ezik museoa ere bisita daiteke.