Erdi Aroan, elizetatik kanpo, eraikin gutxitan nagusitzen zen harria. XVII. mendetik aurrera, gero eta harri gehiago erabiltzen zen eraikuntzan, seguruagoa eta merkeagoa izaten hasi zelako. Eta eliza, jauregi, udaletxe eta halako eraikin dotoreen antzera harritan eraikitzeak prestigioa ematen zien baserritar eta kaletarrei. Gipuzkoa harginen lurraldea izan da, Escorialeraino ere joan baitziren lanera.
Euskal etxeen ezaugarrien artean bi nagusitzen dira: eraikin sendo eta dotoreak forma eta materialen kalitatean, eta apaingarri gutxi. Izan ere, armarriak, gurean hain ugariak, ez dira apaingarri huts, jatorri noblearen adierazgarri baizik. Dena den, haietan jarritako mimoa eta lana, eta beraz dedikatutako dirutza, ez da besterik gabe gertatu, haien bidez erakunde edo familiaren ospea helarazi nahi baitzien bisitariei.
Harria, beraz, ez da eraikitzeko material hutsa, artea adierazteko bide ere bada. Agian Gipuzkoan zentzu horretan eraikin enblematikoena Arantzazu da. Han, harriek arantzak gogoratzen dituzte, eta Oteizaren hamalau apostoluek armarriarena egiten dute, bertan islatu nahi izan baita euskal kultura tradizional eta modernoenaren bateratzea.