Espartingintza

Zergatik izan dira espartinak euskal herritarren artean oinetakorik arruntenak? Ez al da bitxia, hemen egiten duen euriari erreparatuta behintzat? Bai eta ez. Kontuan hartu behar da XX. mendera arte oinutsik ibiltzea oso arrunta izan dela, Zumalakarregi Museoko irudiek erakutsi bezala. Abarkak, oinetako merkeenak, baziren, baina eguraldi latzarentzat uzten ziren. 

XIX.ean hasi zen hori aldatzen, espartinei esker, hain zuzen: abarkei eta beste oinetako aberatsei tokia kendu gabe, artisautzaren eta industriaren arteko lanbide berri bat izugarri zabaldu zen. Izena eta izana, Azkoitian abarketa deitzeak erakusten du zeren ordezkotzat zuten. Espartin hitzak, aldiz, zolari erreparatzen dio, kanpotik inportatzen zen espartzuari. Jutea ere hartarako inportatzen zen.

Azkoitia izan da Gipuzkoan espartingile gehien bildutako herria, eta lan egiteko modua hobekien azaltzen zuena: lehengaiak jada modu industrialean lortu (jutea, espartzua, oihala), baina espartin bakoitza eskuz eginda. Ikusgarriak dira ate ondoan, eguraldia lagun kalean, lanean ari direnen argazkiak; hala nola, Indalezio Ojangurenen hau.  Agian deigarriena da gizonak baino, mutikoak zirela langileak; baina are deigarriago da denak gizon zirela, langintza honetan emakume (eta neskatiko) asko ari zirela jakinik.

Bere xumean, lan egiteko mahaiak ondare dira, garai bateko langintzaren lekuko diren heinean. Gordailuak duenak badu bere istorioa: langilearen seme-alabek Aldundiari dohaintzan eman, eta langilearen biloba batek erregistro-fitxa osatu zuen, etnografia-bekadun zebilelarik. 

San Telmo Museoak espartin-bilduma ederra dauka ikusgai

Objetua:
Espartin-bankua 042704
Dokumentuak: