Gozogintza

Bi lanbide bakar batean. Bai ote? Zurgintzak, buztingintzak, burdingintzak, beste metalen lanketak (bakoitzak bereak) eta oro har lehengai bat abiapuntu hartzen duen lanbide batetik beste asko sortzen dira, besteekiko harremanetan; esaterako, errementari, ferratzaile, joaregile, iltzegile, sarrailgin... Baina, gozogile eta argizarigile? Zer dute harremanetan? Bada, hemen ere, lehengaia, bikoitza bada ere: erleek ekoitzitako eztia batetik, eta argizaria bestetik. Euskal Herrian behintzat lanbide bikoitza arrunta izan da, eta XVIII. mendean txokolategile ofizioa gehitu zitzaion Gipuzkoan, Caracaseko konpainiak kakaoa ekartzen zuen eta. Konpainia desagertu baina txokolate-zaletasunak iraun digu.

Gozogintza eta txokolategintza industrializatu badira ere, oraindik orain preziatzen ditugu lantegi eta saltoki txikietan egin eta saldutako produktuak. Mendarokoa da kasu horietako bat, XIX.etik datorkiguna.

Halakoetan ere sarritan erreparatzen ez diogun ondare txikia badago. Izan ere, lanbide bakoitzak bere lanabesak behar ditu, eta pastelak bezalako gauza delikatuak hartzeko pintzak ez dira salbuespen.

Argizariaren ordez parafina industrialak nagusitu diren garaiotan, Iruñeko Donezar da argizarigintzan diharduten familia-enpresa bakanetakoa, eta bakarra ofizio hau gozogintzarekin batera egiten duena: aunitz urtez!

Objetua:
Pertzak, txokolate-jaikiak
Dokumentuak: