Abiazioa

Aireplanoa edo hegazkina, hau da, airetik pertsonak eta kargak garraiatzeko ahalmena duen motorrak bulkaturiko aireontzia XX. mendearen hasieran agertu zen.

Lehenengo Mundu Gerraren ondoren (1914-1918), militarrek abiazioaz agerturiko interesaren ondorioz, haren garapenak bultzada berria hartu zuen; hegazkinen diseinuaren mailako aurrerabide teknikoek beren artean gero eta urrunago zeuden lekuak komunikatu eta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko bide eman zuten. Era horretara, gainerako XX. mendean, abiazio komertzialaren garapen beteak kontinente arteko eta distantzia luzeko garraiobideetan protagonista eginkizuna esleitu zion hegazkinari, gaur egun ere mantentzen duena.

Lehen aireontzien hegaldiak zuen ikusgarritasun bereziaren osagaia eta haiek pilotatzeko beharrezkoa den trebetasun berezia zirela eta, era berean ia hasieratik bertatik aisia eta kirol interes hutsa piztu zen hegazkinak pilotatzearen aldera. Erakarpen hori planeatzaileen abiaziora zabaldu zen, hau da, mugitzeko haize lasterrak soilik erabiltzen duten motorrik gabeko aireontziak.

Kirol abiazioaren garapen horrek zaleen klubak garatzea ekarri zuen. Gure lurraldeetan, Huesca Aero Club edo Aéro-Club Basco-Béarnais izenekoak dira klub horien adibide. Era berean, kirol interesak, abiazio militarraren premiei loturik, aireontziak lurreratzeko lehenengo zelaiak edo aerodromoak prestatu ziren, hala nola Huescako Loretokoa edo Miarritzeko Parmakoa, batzuetan geroago aireportu komertzial gisa birmoldatuko zirenak.

Baiona-Miarritze-Parma mugaldeko aerodromoaren kokalekuaren planoa

Baiona-Miarritze-Parma mugaldeko aerodromoaren kokalekuaren planoa. Datarik gabea. (AD64. Miarritzeko udal funtsa. E-dépôt Biarritz 1 I 61).

Gaston Bourgeois pilotuaren hegazkina Huescako abiazio jaietan izandako istripuaren ondoren

1919. Gaston Bourgeois pilotuaren hegazkina Huescako abiazio jaietan izandako istripuaren ondoren. (DPHU. Fototeca HNOS_VINUALES_00820).

Sanferminetako abiazio jaialdiko hegazkinak

1930. Sanferminetako abiazio jaialdiko hegazkinak. (AGN. AP_GALLE-B-298).

XX. mendearen lehenengo herenean abiazio jaialdi ugari gauzatzea kirol abiazioak pizten zuen interesaren froga dugu. Horietakoak dira Iruñean Sanferminetan edo Huescan Sanlorentzotan egiten zirenak, haietara Pirinioen bi aldeetako pilotu ospetsuak hurbiltzen zirelarik.

Era berean, aireontzien erabilera akrobatikoa, haiek lurreratzeko edo motorrik gabe airean mantentzeko gaitasuna jendearen aurrean erakustea helburu zuten jaialdi horien ondoan, goiz aski benetako etapakako aire lehiaketak antolatu ziren, hala nola Parisen eta Madrilen artekoa, 1911n, edo Espainiako Vuelta Aérea, lehenengo aldiz 1931n gauzatu zena.

Huescako Aero-Clubak Probintziako Diputazioari egindako dirulaguntza eskaera sari bat hornitzeko II Vuelta a España en Avionetaren lehenengo etapan

1932. Huescako Aero-Clubak Probintziako Diputazioari egindako dirulaguntza eskaera sari bat hornitzeko II Vuelta a España en Avionetaren lehenengo etapan. (AHPHU. 00030/014).