Historian zehar, kostaldeko eta ibaiertzetako biztanleek beren besoen indarra erabili dute arraunontziak bultzatzeko, hala arrantza jardueretan nola itsas zein ibai garraioan, bai pertsonak bai salgaiak eramanez.
Arraunontzien erabilera horietako batzuek lehiaketa osagai garbia izan zuten hasieratik bertatik eta horrek bideratu zuen arraunez abiarazten ziren ontzi txikiek, arrantzarako eta garraiorako baliagarritasuna galdutakoan ere, jolas izaerako erabilera mantentzea. Era horretara, denborarekin arrauna kirol diziplina bihurtuko zen.
Hala, txalupak, antzina Bizkaiko Golkoan balearen arrantzan erabilitako ontziak, lehian ibiltzen ziren beren artean balea zeinek lehenbizi atzeman, ezen zetazeoa arpoiaz aurrenik jotzen zuenak onura handiagoa biltzen zuen irabazien banaketan edo partilan. Lekukotasunen arabera, badakigu, halaber, Gipuzkoako Pasaiako portuan sartzeko belaontziak atoian eramaten zituzten txalupak lehian aritzen zirela beren artean, lehenak iritsi eta zerbitzua bereganatu beharrez.
1809. Lezo, Hondarribia et Pasaiako mugarri lurren planoa, atoi txalupa ikusgai duena. Egilea: Errazquin (AHPG-GPAH 3/1725,A:139r).
1914. Donostiako Udalak Gipuzkoako Aldundiko Probintziako Batzordeari helarazitako dirulaguntza eskaera Kontxako Badiako estropadetarako saria hornitzearren. (AGG-GAO JDIT1517/8169).
Gipuzkoa aldean, urtero lehiaketa arautu moduan egiten hasi ziren lehenengo estropadak Donostiako, Kontxako Badian, Kontxako Bandera izenpean jokaturikoak izan ziren. Horietan lehena 1879an jokatu zen eta, urteen joanean, Kantauriko kostaldeko ospetsuena bilakatu da.
1853. Société de régates de Bayonne elkartearen gutuna Aturrin abuztuan estropadak antolatzeko. (AD64. Baionako Merkataritza Ganberako Funtsa. 2 ETP 1/117).
Nazioarteko estropadak Donibane Lohizuneko badian. Datarik gabea. (AD64. Donibane Lohizuneko udal funtsa. E dépôt Saint-Jean-de-Luz 3 R 3).
Lapurdiko itsasertzari dagokionez, jadanik XIX. mendearen erdialdetik badaude traineru estropadei buruzko lekukotasunak itsasertzeko zenbait gunetan, hala nola Miarritze edo Donibane Lohizune. Nolanahi ere, 1875ean Société Nautique de Bayonne elkartea eratzearen ondorioz, Baiona nazioarteko traineru estropaden gertaleku nagusietako bat izan zen.
Traineru estropadak jendartean kirol jarduera gisa zabaltzea hain goiztiarra izan zen ezen XIX. mendearen amaieran jadanik kirol berriaren federazio nazionalak eta nazioartekoak sortu zituzten.