Automobila

Motor batek bulkaturiko gurpildun ibilgailua dugu automobila, eta horren historia bigarren industria iraultzan abiatu zen: mundu modernoaren eraldatzea teknikaren, produkzioaren eta komunikazioen garapenaren bidez gauzatu zen, bereziki gas, elektrizitate eta petrolioaren erabilerari esker. Automobila, Europan 1870-1880 bitartean agertu zena, asmakari teknologiko handia izan zen, eta progresiboki gure garraiobide nagusi bilakatu da.

Berrikuntza teknologiko sinesgaitzen testuinguru horretan sortu ziren automobil klubak. Horietako kideak mekanika zale porrokatuak ziren eta ibilgailuak erosteko dirua nahikoa zutenak, artean gutxi erabiliak baitziren. Klub horiek lehenengo errepideko lasterketak antolatu zituzten Europan, benetako zirkuitu turistikoak zirenak. Hala, 1893an, lehenengo Paris-Rouen automobil lehiaketa egin zen. Automobile-club basco-béarnais elkarteak Paue eta Baiona arteko lehenengo lasterketa antolatu zuen 1899an. Europan sorturiko automobil klub askoren antzera, klub horrek XX. mendearen hasierako hainbat agerralditan parte hartu zuen.

1912ko irailean, Europako hainbat hiritan abiapuntu eta helmuga Donostian zuen lehen nazioarteko lasterketa egin zen. Rallye de Saint-Sébastien izeneko proba hartan goi gizarteko eta aristokraziako kide ugarik parte hartu zuen. Hirurogeiren bat automobil iritsi ziren Donostiako helmugara, horietako zenbait, Rolls-Royce edo Delage esaterako, beren jabeek gidaturik. Automobil eta turismo proba horiek gehienetan dotorezia lehiaketa batez amaitzen zen, moda eta karrozeria erakusketa izan ohi zena.

1926 Estatutos

1926. 1898an sorturiko Automobile-Club Basco Béarnais izenekoaren estatukoak (AD64, Fonds de la préfecture, 4 M 123.

1912 Biarritz

1912. Miarritze-Donostia arteko lehenengo rally-a (AD64, Fonds communal de Biarritz. E-dépôt Biarritz 63ph87).

1925 Dirulaguntza eskaria

1925. Real Automóvil Club de Guipúzcoak Gipuzkoako Aldundiari egindako dirulaguntza eskaria (AGG-GAO JDIT 1517/8170).

Donostiako V. Automobil Zirkuituaren kartela

1927. Donostiako V. Automobil Zirkuituaren kartela. Egilea: M.A. Aguirreche (KMK CTL 1531).

Erakusketa agerraldi horiekin batera, beste proba askoz teknikoago batzuk abiatu ziren. Hala, automobilentzako lehenengo zirkuituak agertu ziren, hala nola Donostiakoa edo Pauekoa.

Circuito Automovilista de San Sebastian izeneko automobil lasterketa Donostiako aldirietan, orduan oraindik oso baserri girokoa zen Lasarten gauzatu zen, guztira 18 km luze. Norgehiagoka hori Real Automóvil Club de Guipúzcoak antolatu zuen 1923an lehenengo aldiz. Hiru proba desberdinez osaturik zegoen: Donostiako Sari Handia, Hamabi orduko Criteriuma eta Espainiako Sari Handia.

Paueko automobil zirkuituaren trazatua irudikatzen duen marrazkia

1933. Paueko automobil zirkuituaren trazatua irudikatzen duen marrazkia. (AD64. Fondos privados 1 J 1725).

Automobil lasterketa Paueko zirkuitoan

1933-1937. Automobil lasterketa Paueko zirkuitoan. (DPHU. Fototeca HNOS_VINUALES_01494).

Paueko Sari Handia, hasieran landa aldean antolatu zena, azkenean, 1933tik aurrera, Paueko hirigunera eraman zuten, Neguko Jauregiaren eta Beaumont Parkearen inguruko trazatu baten arabera. Automobile-club basco-béarnais elkartea arduratu zen haren antolaketaz. Marka handienak hartu zituen, hala nola Bugatti eta gero Maserati eta Alfa Romeo.

Gerrak, alabaina, geldiarazi egingo zituen bi gerren arteko automobil jolasak. Donostian, Lasarteko zirkuituko azken itzuliak 1935ekoak izan ziren. Izan ere, gerra zibilak lehiaketa behin betiko geldiarazi zuen.

Pauen, automobil lasterketa 1938tik 1946ra gelditu zen, baina 1947an indarberriturik azaldu zen: motoak sartu ziren zirkuituan eta 1 Formula agertu zen.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, bestelako automobil lasterketa mota abiatu zen. Estatu Batuetako jeep berriek txundimena eragin zuten lehorreratzekoan. 1940an amerikar armadak agindu zuen ibilgailu mota berri hura arina, sendoa, fidagarria izateaz gainera, era guztietako eremu gorabeheratsuetan mugitzen ahal zen. Ibilgailu mota horren inguruan rally berriak antolatu ziren, eta hartarako eremu harritsuak eta are menditsuak erabili ziren. Automobil lehiaketa asko zabaldu zen jendartean eta parte hartzaileak etorki guztietatik zetozen, zale amorratuak, borrokalariak edo profesionalak izan zitezkeelarik. Hala, 1951n gailurretako rally-a antolatu zen Zuberoan; helburua Licq-Athérey eta Maule arteko ibarra mundura zabaltzea zen. Bertan, Espainia, Austria, Suitza, Italia eta Frantziako pilotuak elkarretaratu ziren.

Hala berean, 50eko urteen amaieran, lehenengo Rallye Vasco-Navarro direlakoak antolatu ziren. Lehiaketa horien antolatzailea Real Automóvil Club de Guipúzcoa zen eta Nafarroa eta Gipuzkoako errepideak zeharkatzen zituzten; 1968an, Iparraldean saiatu ziren eta agerraldi hura nazioarteko gertaera bilakatu zen.

IX Rallye Vasco-Navarro izenekoaren ibilbidea

1968. IX Rallye Vasco-Navarro izenekoaren ibilbidea. (AGN. DFN, Caj.39802/1).