Karmele Esnal - 1999

Andereño Karmele Esnal

1932

Orion (Gipuzkoa) jaio zen. Aitak arrain kontserbagintzan zuen ogibidea. Zazpi senide dira.

1934-1939

Lehen letrak ikasi zituen Orion.

1940

Familia Donostiara aldatu zen bizi izatera. Bertan, San Bartolomeko ikastetxean jarraitu zituen ikasketak, batxilerreko laugarren maila amaitu arte.

1947

Gasteizera bidali zuten ikastera. Han egin zituen Irakasletza edo Magisterioko lehen bi ikasturteak.

1950

Donostiara itzuli zen, irakasle ikasketak amaitzera. Ordurako, hasia zen eskola partikularrak ematen.

1953

Elbira Zipitria ezagutu eta berarekin ikasturte osoko praktikak egin zituen, Parte Zaharreko ikastolan, goiz-arratsaldez, 1954ko uda bitartean.

1955

Bere ikastola sortzeko erabaki eta Pedro Egaña kaleko 2.ean hasi zen andereño lanetan, zazpi ikaslerekin.

Berehala hasi zen beste herrietako andereñogaiak bere ikastolan praktikak egitera hartzen. Lehenengoetakoak izan ziren, besteak beste, Itziar Ajuria, Jone Etxabe, Arantxa Idiazabal eta Eulali Aranburu.

1958

Ikastola Artzain Onaren plazako 18.era aldatu zuen, etxebizitza batean alokatutako gela batera. Ordurako 35 bat ikasle zituen, lehen hezkuntzako adin guztietakoak.

1960

Jarrai antzerki taldean aritu zen, Iñaki Beobide zuzendari zela, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Gurmendi eta beste askorekin batera.

Hamarkada honetan Zeruko Argia aldizkariko «Gazte naiz» sailean artikuluak argitaratu zituen, «Maribeltz» ezizenaz. Panpin haurrentzako aldizkarirako itzulpen lanak egin zituen, eta Arrate Irratirako emakumeei buruzko irratsaioa egiten zuen astero.

1963

Santo Tomas Lizeoa lege barruan jarri zenean, titulu ofizialen behar gorrian zegoenez bere irakasle titulua utzi zion Lizeoari, eskolaurreko irakasle gisa. Hala ere, berak Artzain Onaren plazan jarraitu zuen.

1965

Euskal udalekuak lehenengo aldiz antolatu zirenean Barrian (Araba), begirale lanetan aritu zen uda osoan.

1965-1966

Santo Tomas Lizeoan (Bizkaiko pasealekuko egoitzan) ikasgela handi bat utzi zioten errentan eta bertara aldatu zen bere ikasleekin. Izan ere, Lizeoak errenta handia zeukan orduan, eta ikasle askorik ez. Bere ordutegia amaitu ondoren, batxilerreko lehenengo mailetan Lizeoko ikasleei euskara irakasten aritu zitzaien Karmele Esnal.

1969

Lizeoak ikastetxe berria egiteko lurrak Ibaetan, Loistarain baserriaren inguruan erosi zituenean, batxilerraz gain eskolaurrea eta lehen hezkuntza ere jartzea erabaki zuten. Orduan, Karmele Esnal bere ikasleekin batera Lizeoaren egitura barruan sartu zen.

1991

Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea sortzeko bileran parte izan zen.

1997

Erretiroa hartu zuen urte amaieran, 65 urte beterik zituela.

1998

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen, eta Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko bazkide.

1999

Bagera Elkartearen barruan mintzalagun izeneko programan parte hartzen du, euskaraz ikasten ari direnei laguntzen.

 

Informazio osagarria:

Nekane Auzmendiren mintzaldia