2050 GIPUZKOAKO JASANGARRITASUN ENERGETIKOAREN ESTRATEGIA

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du klima-aldaketaren eta jasangarritasun energetikoaren aurkako borrokarekin, eta Parisko Akordioan (COP21-2015) tokiko administrazioei egindako deiari erantzuten jarraitu nahi du, klima-fenomenoari aurre egiteko, herritarrekin etengabe lotuta, lurraren batez besteko tenperaturaren igoera —berotze globala— 1’5 °C-ra mugatzeko helburuarekin, industriaurreko mailei dagokienez. Glasgowko Akordioak, duela gutxi egindako COP26an ia 200 herrialdek —horien artean Espainiak— hartutakoak, bizirik dirau helburu horretan.

Erronka zail eta presazko hori bat dator, halaber, Nazio Batuen Garapen Jasangarriko 2030erako Helburuak lortzearekin (7. GJH – Energia Eskuragarria eta ez-kutsatzailea, eta 13. GJH – Klimaren aldeko Ekintza), bai eta Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko esparru politikoan eta araudian klima-aldaketaren eta energiaren arloan ezarritako beste helburu batzuk lortzearekin ere.

Horregatik, maiatzaren 29ko 18/2018 Foru Dekretuaren bidez, 2050 Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Gipuzkoako Estrategia (Gipuzkoa Klima 2050)  onartu zen, estrategia autonomikoarekin eta estatuko eta Europako xedapenekin bat datorrena. Gipuzkoa Klima 2050ek, beste ekintza askoren artean, Gipuzkoarako jasangarritasun energetikoko estrategia bat prestatzea du xedetzat, hau da, lurraldeko sektore kontsumitzaile guztietan jasangarritasun energetikoko ekintza bultzatu eta koordinatzeko ibilbide-orria.

2050 Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren dokumentua eta horren izapidetze administratiboaren prozesua egin ondoren (ingurumen-ebaluazio estrategikoa, genero-eraginaren ebaluazioa eta eztabaida parte-hartzailearen prozesua barne), Foru Gobernuaren Kontseiluak behin betiko testua onartu zuen 2021eko abenduaren 21ean.

Dokumentua guztiz lerrokatuta dago klimaren eta energiaren arloko Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako xedapen nagusiekin, besteak beste, Europako guztientzako energia garbia neurri-sortarekin (Neguko paketea ere esaten zaio), Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.

Dokumentuak Gipuzkoarako energia eredu bat ezarri eta garatzen du, energia oinarrizko ondasuntzat hartzean oinarritua, eta ardatz gisa jasotzen ditu honako hauek: iturri berriztagarrietan oinarritutako sorkuntza banatua autokontsumorako; ekintza hierarkia energia-kudeaketako eredu eraginkor eta jasangarria lortzek; eraikin eta ibilgailuen rol berria; berriztagarrien hedapen efizientea autokontsumoaren hedapenarekin batera; gure jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioa, eta aldaketa gauzatzeko tokiko eragileen aliantza.

Dokumentuaren helburu estrategikoen artean honako hauek daude: energia kontsumoan jatorria duten BEG emisioak murriztea; pobrezia eta zaurgarritasun energetikoa prebenitzea eta gipuzkoarrak ahalduntzea, energia sistemaren erdigunean duten rol berria bere gain har dezaten; energia eskaria modu jasangarrian kudeatzeko aurrezpena eta efizientzia energetikoa bultzatzea; Gipuzkoan energiaren lehen mailako ekoizpena areagotzea bultzatzea iturri berriztagarrietan oinarritutako autokontsumorako sorkuntza banatuko ereduaren bidez; BEG emisiorik gabeko foru sektore publiko bat sustatzea, eta tokiko energia-gobernantza bat sustatzea, multilidergoan oinarritua, tokiko eragile publiko eta pribatu guztien parte-hartzearekin eta konpromisoarekin, eta beste organo eskudun batzuekiko koordinazioa bilatuz.

Aipatutako helburuak betetzeko, Estrategiak zazpi jarduera-ildo ditu, hogeita bederatzi ekintzatan banatuak, eta horietako bakoitza deskribatzen duen fitxa bana.

Estrategiaren ekintza planifikatzeko eta berrikusteko denbora muga klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurka borrokatzeko nazioarteko, Europako, Estatuko, autonomia erkidegoko eta lurraldeko plangintza egoerek zehazten dute. Agertoki horien klima neutraltasuneko helburu nagusiek 2050. urtea dute jomuga, eta 2030. urtera begira daude tarteko beste helburu batzuk: berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, efizientzia energetikoa, berriztagarrien kuota, etab.

KONTSULTATZEKO ETA DESKARGATZEKO DOKUMENTUAK:

ESTRATEGIAREN TESTUAK

- Onartutako estrategiaren testu osoa - 2021eko abendua

- Laburpen exekutiboa

INGURUMEN AZTERKETA ESTRATEGIKOA

PARTAIDETZAZKO DELIBERAZIO PROZESUA

-Partaidetzazko deliberazio prozesuaren protokoloa

-Prozesuaren emaitzen txostena (AKTAK) eta Herritarren partaidetzako Foru Batzordearen aurrean aurkezpena

-Emaitzen lotura-txostena eta Herritarren Partaidetzazko Foru Batzordearen aurrean aurkezpena.