Atzealdea PILOTA
Pala, eskua, zesta, erraketa… aukera ugari dituzu, zein baino zein gozagarriagoa. Frontoian jokatzea kirol dinamikoa, bizia eta azkarra da. Jo gogor palaz pilotari, durundi egin dezan paretaren kontra. Horrela behin eta berriro. Tentsioak arintzen lagunduko dizu.
Hainbat modalitate daude, bai eskuz, bai tresnaz, eta, era berean, hainbat frontoi mota daude. Hala eta guztiz ere, gure ama eta izebak eskola atzeko paretan aritzen ziren barrenetara. Entzun behar izan zituztenak… Eta bai ongi pasatzen zutela!
Edozein pilota modalitatetan jarduera fisiko dezente egingo duzu, ongi pasatzeaz gain.
Gorputz osoa landuko duzu, lasterketa eta pilota paretaren aurka botatzeko indarra konbinatuko baitituzu. Hobekuntza nabarituko duzu orekan, malgutasunean eta koordinazioan.
Pilota ariketa kardiobaskular bikaina da. Erresistentzia fisiko handia eta abiadura behar direnez, ahalegina neurtu beharko duzu. Maiz egiten dira abiadura aldaketak. Gorputzaren goiko aldea garatuko duzu, batik bat bizkarra eta besoak.
Pilota erresistentzia kirol bat da, baina baita indar kirol bat ere. Zaindu eskumuturrak, eskuak eta hatzak.
Nonahi aurkituko dituzu pilotaleku publiko eta irekiak. Atera eta jokatu besterik ez duzu egin behar.
Eskuz jokatzen hasteko pilota goxo batek 15 eta 30 euro bitarte balio du, tamainaren eta pisuaren arabera. Palaz jokatzeko gomazko pilotek 5-8 euro balio dute.
Pala edo frontenisa egin nahi baduzu, tresna erosi beharko duzu. Zure kabuz jokatzeko pala batek 10 eta 15 euro bitarte balio izan dezake. Frontenisean aritzeko erraketa oso sinple bat 10 eurogatik eros dezakezu.
Lehiatzeko gogoa baduzu, pilota talde batean sar zaitezke, eta beste neska eta emakume batzuen aurka jokatu. Kuotak aldatu egiten dira klubaren arabera, baina oso merkeak izan ohi dira.
Frontoian pilotaren atzetik erraz mugitzen utziko dizuten kirol oinetakoak eta jantzi erosoak. Gogotik izerdituko duzu.
Pilota, jakina. Aukeratu modalitateari dagokion pilota espezifikoa. Eskuz aritzekoa, palaz aritzekoa, edo tenisekoa, erraketa erabiliko baduzu.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak emakumeak pilotan parte hartzea sustatzeko programa bat du. Bertan, parte hartzeko hainbat jarduera antolatzen dituzte
EstekaKirolak.net atarian Gipuzkoako pilota klub eta taldeei buruzko informazioa daukazu, harremanetarako datu eta guzti.
Esteka