Atzealdea SURFA
HARTU ARNASA. Itsaso usaina dago.
Taula beso azpian daramazula hondarra zapaltzea, itsasoan sartzean zerumugarantz begiratzea… Lehen aldiz taula batera igotzea, olatuen gainean irrist egitea, gandor apartsura igo eta askatasunerantz zamalkatzea… Ez duzu jakingo nola deskribatu sentituko duzuna!
Topera gozatuz itsasoaz, hondartzaz, eguzkiaz eta olatuak hartzearen abenturaz; kirol bat baino gehiago, bizitzeko estilo bat baita surfa
Lan aerobikoa egitea eta muskuluak indartzea, horixe lortuko duzu olatuen kontra arraun egitean, eta, gainera, sistema kardiobaskularra eta arnasketa sistema hobetuko dituzu.
Pisu pixka bat galdu nahi duzu, eta aldi berean besoetako eta bizkarreko muskuluak landu eta hankak, gluteoak eta gorputzaren erdiko aldea indartu? Surf egiteak kaloria asko erretzen laguntzen du. Eta albiste onena: epe motzera nabarituko duzu zure muskuluetan duen eragina. Olatu indartsuei aurre egiteko, taula gainean mantentzeko eta igeri egiteko indar dezente behar da, eta, era berean, ariketa horiei esker erresistentzia handituko duzu, zure muskulu tonua hobetuko da eta koordinazio nahiz oreka hobeak izango dituzu.
Frogatuta dago surfak arreta orainean jartzen laguntzen duela. Egiten ari zarenean bakarrik pentsatuko duzu, eta mentalki nahiz emozionalki eragiten dizuten beste kontu batzuez kezkatzeari utziko diozu.
Surfa eginez, kirol horren zale ugari ezagutuko dituzu. Surflarien arteko lotura estua izaten da, eta komunitate ikaragarri handia dago mundu osoan barrena. Zaletasun bera duten lagun berri asko egin ahal izango dituzu, eta elkarrekin ibili ahal izango zarete olatuen gainean
Komenigarria da hastapen ikastaro bat egitea surf eskola batean; bertan utziko dizute beharrezko material guztia. Surf ikastaroa: 90 eurotik aurrera.
Zure kabuz hasi nahi baduzu, edozein eskolatan aloka dezakezu materiala arrazoizko prezioan. Gainera, haiek beste inork baino hobeto aholkatuko dizute, ekipamendu propioa eskuratu nahi baduzu.
Hasi berrientzako surf taula bat. Taula horiek zabalak eta lodiak dira, egonkorragoak. Bolumen handiagoa dutenez, gutxiago arraun egin behar da olatua hartzeko, eta errazagoa da zutik jartzea.
Neoprenozko jantziak bigarren azal bat bezala funtzionatzen du ur azpian, eta bero mantentzen zaitu, baina mugitzeko malgutasuna kendu gabe.
Leash edo uhala taula surflariaren gorputzera lotzen duen soka bat da. Surf taula kontrolpean izateko eta ez galtzeko balio du.
Parafina taularen goialdean igurzten den produktu bat da. Taulak ez irristatzeko balio du.