Parte hartu! ptp-urolakosta-lpp@gipuzkoa.eus
Urola Kostako Eremu Funtzionala 11 udalerrik osatzen dute (Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, eta Zumaia).
Eremu funtzional horrek 2006an behin betiko onetsitako lurralde-plan partzial bat dauka eta, orain, lurralde- eta ingurumen-jasangarritasuneko irizpide berritu batzuen arabera berrikustea proposatzen da.
Testuinguru horretan, planak Urola Kostako biztanleen beharrei irtenbidea aurkitu behar die, eta memoria eta ingurunea ezagutuz eta aintzat hartuz egin behar du hori, gizarte-oreka bilatuta eta, halaber, askotariko gaiei erantzun egokia bilatuta, hala nola klima-aldaketari, erronka demografikoari, energia-trantsizioari edo ekonomia zirkularrari.
Gainera, planak egungo gizarteak eskatzen dituen ikuspegiak integratu beharko ditu, besteak beste, osasuna, irisgarritasuna, generoa, mugikortasun jasangarria, paisaia, hiri‑berroneratzea, lurzorua baliabide mugatu gisa balioestea, parte-hartzea eta gobernantza ona.
Egin beharreko lana proiektu kolektibo bat da, hausnarketa, bateratze, zabalkunde, parte‑hartze eta erabakitze prozesu jarraitu baten emaitza. Prozesu horretan eskualdeko sentsibilitate desberdinei eta eskualdeko lurralde- eta hiri-egoera konplexuari erreparatu behar zaie. Planaren behin betiko proposamenek, behar besteko adostasuna izateaz gain, interes publikoarekiko mendekotasunaren printzipioa bete behar dute, eta, era berean, duten bideragarritasuna justifikatu, eta beharrezkoak diren neurriak proposatu.
Foru Agindua, 2023ko ekainaren 19koa, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarena, Zarautz-Azpeitiko (Urola-Kosta) Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (LPP) berrikusteko prozedurari hasiera ematen diona. Plan horri 2006ko otsailaren 21eko 32/2006 Dekretuaren bidez eman zitzaion behin betiko onespena, 4/1990 Legeak, maiatzaren 31koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzkoak, 13. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz. (2023ko ekainaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 134. zk)
https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/euskera/gao/2023/07/11/e2305093.htm
Aurrerapen dokumentuaren jendaurreko erakustaldiaren amaiera: 2025.01.31