BEZa

Zergaren deskripzioa eta ereduak

 

INFORMAZIO OHARRA: BEZ zerga tasen aldaketak. 2024-9-11ren GAOn argitaratuta.
Aldaketa hauek ez dute BEZaren aitorpen-likidazio ereduetan aldaketarik eragingo.
Zerga-tasa berrien berri honela emango da 2024ko urritik abendura bitarteko aldietarako:
- Indarrean dauden % 2ko eta % 7,5eko tasa berriak % 5eko tasaren laukian sartuko dira (308 ereduan, % 4ko laukian).
- Eta % 0,26ko eta % 1eko errekargu-tasa berriak % 0,5eko eta % 0,62ko tasen laukian sartuko dira.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) kontsumoaren gaineko zeharkako zerga da, ondasunen erosketa edo zerbitzu profesionalak ematea izan eta azken kontsumitzaileek jasan behar dute.

BEZak produkzioaren kate-maila guztiak zergapetzen ditu (enpresariak BEZ jasaten du egiten dituen erosketetan eta gero salmentetan jasanarazten du) eta prozedura hori azken kontsumitzailearekin bukatzen da, benetan beronek ordaintzen baitu.

Tarteko enpresariek egiten duten bakarra da jasanarazitako BEZ eta jasandako BEZaren arteko diferentzia Ogasunari ordaintzea. Bestela esanda: BEZa, enpresari gehienentzako ez da ez sarrera eta ez gastua, Ogasunarekiko duten zor edo kreditua baizik.

Enpresariek edo profesionalek BEZaren likidazioak aurkeztu behar dizkiote Gipuzkoako Ogasunari:

  • Beren zerga helbidea Gipuzkoan badute:
    • Aurreko urteko eragiketa bolumena < 10 milioi euro izan bada • %100 Gipuzkoan.
    • Aurreko urteko eragiketa bolumena > 10 milioi euro izan bada • Gipuzkoan gauzatutako eragiketa bolumenari dagokion proportzioan.
  • Zerga helbidea Gipuzkoatik kanpo badute eta aurreko urteko eragiketa bolumena > 10 milioi euro izan bada • Gipuzkoan gauzatutako eragiketa bolumenari dagokion proportzioan.

Ikusi ituna-hitzarmenaren ordainarazpen taula.

BEZaren likidazioek orokorrean hiruhilekoak izaten dira, nahiz eta enpresa handiek edota hileko itzulketen erregistroan daudenak hilero aurkeztu behar dituzten.

Likidazio horiek egiteko, jasanarazitako BEZaren (fakturatu duguna) eta jasandako BEZaren (jasotako fakturetan azaltzen dena) arteko diferentzia kalkulatu beharko da. Emaitza positiboa denean (ordaindu duguna baino gehiago kobratu dugu), zergadunak diferentzia Ogasunari ordaindu beharko dio. Emaitza negatiboa denean, hurrengo hiruhilekoan konpentsatzeko utziko da. Zergadunaren aldeko saldoaren itzulketa urteko aitorpenetan eskatu ahal izango da.

BEZaren likidazioa behar bezala kalkulatzeko, karga-tasa desberdinez gain kontuan hartu beharko dira salbuetsita egon litezkeen jarduerak eta jasandako BEZaren kuoten kenkarirako baldintzak.

Erregimen Orokorraz gain, ondoko erregimen berezi hauek daude:

  1. Erregimen erraztua.
  2. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren erregimen berezia.
  3. Ondasun erabilien, artelanen, antzinateko eta bildumagaien erregimen berezia.
  4. Inbertsioko urrearen erregimen berezia.
  5. Bidai agentzien erregimen berezia.
  6. Baliokidetasun errekarguaren erregimen berezia.
  7. Bide elektronikoz emandako zerbitzuei aplika dakiekeen erregimen berezia.
  8. Entitate taldearen erregimen berezia

Zerga horrekin erlazionaturiko ereduak honakoak dira:

035 Eragiketen hasiera, aldaketa edo amaiera aitorpena. Urrutiko salmentak. Lehiatila bakarra (OSS)

Eragiketen hasiera, aldaketa edo amaiera aitorpena,baldin eta eragiketa horiek jasota badaude subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten edo ondasunen urrutiko salmentak edo ondasunen barne entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplikatu beharreko araubide berezietan.

039 Entitate taldearen erregimen bereziko datuen komunikazioa

Eredu, entitate talde bateko kide diren eta zergaren 102/1992 Foru Dekretuak IX. tituluaren IX. kapituluan jasotako erregimen berezira lotuko diren enpresari edo profesionalek erabiltzekoa da. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko Zeharkako Zergen Zerbitzuari zirkunstantzia horren berri ematea du helburu.

238 Plataforma  operadoreek informazioa emateko aurkeztu beharreko aitorpen informatiboa

Abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamenduaren 72 ter artikuluko 2. apartatuaren bigarren paragrafoan eta artikulu horren 3. apartatuan aipatzen direnek aurkeztu beharreko eredua.

300 BEZaren hiruhileko aitorpen-likidazioa. Erregimen orokorra

Beren jardueretan BEZaren Erregimen Orokorra aplikatzen duten enpresari eta profesionalek BEZaren hiruhileko aitorpena aurkezteko erabilitako eredua, bai eta Erregimen Berezietakoek, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza salbuetsita, Baliokidetasun Errekargukoek eta Erraztukoek ere.

308 BEZa: Itzulketa eskaera

BEZaren aldizkako zergadunentzako Zergatik salbuetsitako garraiobide berrien Batasunaren barneko entregak egiteagatik sortutako itzulketa eskatzeko eredua, eta Baliokidetasun Errekarguko Erregimeneko jarduerak bakarrik eginez, BEZaren kuotan berriz ere Europar Batasunetik kanpoko bidaiariak sartu behar izan dituztenentzat.

309 BEZa: Aldizkakoa ez den aitorpen-likidazioa

Enpresari edo profesional izaera ez duten pertsona edo entitateek dagokien BEZaren aitorpena eta sarrera egiteko erabili beharreko eredua garraiobide berriak Batasunaren barnean erosten dituztenean edo, izaera hori izan arren, BEZaren hiruhileko aitorpenak aurkezteko betebeharrik izan gabe, eragiketa jakin batzuk egiten dituztenean erabili beharrekoa.

310 BEZaren hiruhileko aitorpen-likidazioa. Erregimen erraztua

Beren jarduera ekonomikoetan BEZaren erregimen erraztua aplikatzen duten zergadunek BEZaren hiruhileko aitorpena aurkezteko erabili beharreko eredua.

320 BEZaren hileko aitorpen-likidazioa. Enpresa handiak

Beren eragiketa bolumenagatik (6.010.121.04 euro baino gehiagokoa) enpresa handi gisa hartzen diren enpresari eta profesionalek BEZaren hileko aitorpena aurkezteko erabili beharreko eredua.

322 Entitate taldea. Banakako eredua. Hilabeteroko aitorpena

Talde bat osatzen duten entitateek eta, BEZaren 102/1992 Foru Dekretuak IX. tituluaren IX. kapituluan jasotzen duen erregimen berezia aplikatzea aukeratzen dutenean, hilabeteroko eragiketen aitorpena aurkezteko erabilitako eredua.

330 Hileko autolikidazioa. Hileko itzulketen erregistroa

Hileko itzulketen erregistroan izena emanda dauden zergadunek erabili beharreko eredua.

341 Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren erregimen bereziaren konpentsazio eskaera

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren Erregimen Bereziari atxikitako zergadunek egindako esportazio edo Batasun barneko entregengatiko konpentsazioa eskatzeko erabili beharreko eredua.

347 Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena

Beste pertsona edo entitate batekin 3.005,06 euro baino gehiagoko eragiketak egin dituzten enpresari eta profesionalek aurkeztu beharreko eredu informatiboa.

349 Europar Batasuneko subjektu pasiboekiko eragiketen laburbiltzea

Batasun barnean ondasunak entregatu edo erosi dituzten enpresari eta profesionalek aurkeztu beharreko eredu informatiboa, bai eta Eragiketa Triangeluarrak egin dituztenek ere.

353 Entitate taldea. Baterako eredua. Aitorpen-likidazioa

Talde bat osatzen dutenen sozietate nagusiak aitorpen-likidazio baterakoa aurkezteko erabilitako eredua, beti ere BEZaren 102/1992 Foru Dekretuak IX. tituluaren IX. kapituluan jasotzen duen erregimen berezia aplikatzea aukeratzen dutenean.

369 Urrutiko salmenten araubide berezien autolikidazioa. Lehiatila bakarra (OSS)

Araubide bereziak, subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten eta ondasunen urrutiko salmentak eta ondasunen barne entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplikatzekoak.

370 BEZaren hiruhileko aitorpen-likidazioa. Erregimen orokorra eta erraztua

BEZaren Erregimen Orokorrean eta Erregimen Erraztuan batera tributatzen duten zergadunek BEZaren hiruhileko aitorpena aurkezteko erabili beharreko eredua.

379 Mugaz gaindiko ordainketei buruzko aitorpen informatiboa

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 166 quater artikuluan aipatzen diren ordainketa zerbitzuen hornitzaileek aurkeztu beharrekoa.

390 BEZaren urteko aitorpen-likidazioa

Erregimen Orokorrari atxiki zaizkion eta 300 ereduko hiruhileko aitorpena edo hileko 320 edo 330 ereduak aurkezteko betebeharra duten zergadunek BEZaren urteko aitorpena aurkezteko erabili beharreko eredua. Ekitaldian egindako eragiketen guztizko bolumenari buruzko eredu informatiboa izateaz gain, urteko azken aitorpenaren (hiruhilekoa edo hilekoa) funtzioa betetzen du.

391 BEZaren urteko aitorpen-likidazioa. Erregimen erraztua

Erregimen Erraztuari atxiki zaizkion eta 310 ereduko hiruhileko aitorpena  aurkezteko betebeharra duten zergadunek BEZaren urteko aitorpena aurkezteko erabili beharreko eredua. Ekitaldian egindako eragiketen guztizko bolumenari buruzko eredu informatiboa izateaz gain, urteko azken aitorpenaren (hiruhilekoa) funtzioa betetzen du.

392 BEZaren urteko aitorpen-likidazioa. Erregimen Orokorra eta Erregimen erraztua

BEZaren Erregimen Orokorrean eta Erregimen Erraztuan batera tributatzen duten zergadunek BEZaren hiruhileko aitorpena aurkezteko erabili beharreko eredua. Ekitaldian egindako eragiketen guztizko bolumenari buruzko eredu informatiboa izateaz gain, urteko azken aitorpenaren (hiruhilekoa) funtzioa betetzen du.

393 Entitate taldea. Banakako eredua. Urteko aitorpena

Talde bat osatzen duten entitateek eta, BEZaren 102/1992 Foru Dekretuak IX. tituluaren IX. kapituluan jasotzen duen erregimen berezia aplikatzea aukeratzen dutenean, urteko eragiketen aitorpena aurkezteko erabilitako eredua.

95B Zuzenduta jaso diren fakturen komunikazioa. Hartzailea

Enpresa edo lanbide jarduerak egin eta eragiketen hartzaileak aurkeztuko dute, hartzekodunen konkurtsoan deklaratzen direnean, edo jasanarazi zaizkien BEZ kuotei dagozkien kredituak osorik edo zati batean ordainezinak diren gainerako kasuetan, eragiketen faktura zuzentzaileak jasotzen dituztenean.

952 Zerga oinarrien aldaketen komunikazioa. Hartzekoduna

Enpresa edo lanbide jarduerak egin eta zerga oinarrien aldaketa eskatzen duten enpresari eta profesionalek, zergari lotutako eragiketen hartzailearen hartzekodunen konkurtsoan deklaratzen denean eta baita jasanarazi diren BEZ kuotei dagozkien kredituak osorik edo zati batean kobraezinak diren gainerako kasuetan ere.